Hiru kultur hitzordu Oiasso museoan apirila agurtu aurretik

Kontaiguzu dakizuna hitzaldi-zikloan Oiasso museoarekin lotura duten lagunek kulturaren eta arteen inguruan duten ezagutza partekatzen dute, eta apirileko saioa bi libururen aurkezpena izango da: Magia contra la enfermedad en la Castilla tardomedieval, Olatz Etxeberria Mendizabalen doktore-tesia, eta Rebelión en Sicilia, Adur Intxaurrandieta Ormazabalek idatzitako eleberri historikoa, K.a. 132 eta 135. urteen artean Sizilian izandako esklaboen altxamenduan girotutakoa. Bi idazleak Historiako doktoreak dira Euskal Herriko eta Santiago de Compostelako Unibertsitatean.

Hitzaldia apirilaren 28an izango da, 19:00etan. Sarrera librea da, tokiak bete arte. Hurrengo egunean, apirilak 29, ostirala, Ainara LeGardonek beste kontzertu bat eskainiko du Oiasso museoko Portua aretoan, Musika Museoan programaren barruan. Ainara LeGardonek “Res- -cue. The archive in the mouth” lanak ekarri zuen hausnarketa eta berrinterpretazioaren bilakaera naturala eskainiko du zuzenean, harekin lortutako arrakasta handiaren ondotik (edizio mugatua eta dagoeneko amaitua: kutxa bi kaseterekin, deskarga digitala eta liburua). Kontzertua 19:00etan hasiko da. Sarrerak doakoak dira, eta ostiralean bertan banatuko dira, 10:00etan hasita.

Oiassoko VI. jardunaldia grekoa

Oiasso erromatar museoan egingo da apirilaren 30ean, larunbatarekin, Oiassoko VI. Jardunaldi Grekoa, Irungo Udaleko Kultura arloak eta Periplo Elkarte Soziokultural Filohelenikoak antolatuta. Periplok ia hamar urte daramatza Greziari lotutako kultur jarduerak antolatzen, Mediterraneo aldeko herrialde zoragarri horretako kultura, natura eta herria ezagutzera emateko asmoarekin. 2016an hasita, Periplo elkarteak, Udalarekin elkarlanean, jardunaldi kultural bat antolatu du urtero Oiasso museoan. Aurtengoaren gaia Atenasko akropolia izango da.

Greziako gobernuak Partenoiko marmolak itzultzeko prozesuari berrekin dio, eta horrek Greziako ondare artistiko eta arkeologikoaren gaiaren inguruko interesa piztu du berriz ere, objektu asko eta asko lapurtu eta Greziatik kanpoko museoetako bildumetara eraman baitzuten. Italiak Atenasko Akropoliko Museoari Partenoiko frisoaren pieza bat lagako dio. Palermoko Salinas museo arkeologikoan gordetzen zen orain arte. Edonola ere, Museo Britainiarrean daude oraindik Elginen marmolak deitutakoak. 1801 eta 1812. urteen artean Erresuma Batura frisoko 75 metro horiek bidali zituen Elgin diplomatiko ingelesarengatik esaten zaie horrela.

Konferentziako sarrera librea da. Arabim filma ikusteko gonbidapenak doakoak dira, eta Oiasso museoan banatuko dira apirilaren 30ean bertan (larunbata), 10:00etan hasita.

PROGRAMA

Jardunaldiari ekiteko, Ilias Fotopoulos Greziak Madrilen duen enbaxadoreak bidali duen agurra irakurriko da.

18:00-19:45 Hitzaldia: «Atenasko akropolia mendeetan zehar», María Eugenia Díaz Pascualen eskutik

María Eugenia Díaz Pascual irakasleak Atenasko akropoliaren historia guztia berrikusiko du, eta UNESCOk aitortutako Gizadiaren Ondare gisa duen garrantzia gogora ekarriko du. Era berean, beste kontu batzuen berri ere emango digu: mendeetan zehar izan dituen txikizioak, Lord Elgin eta konplizeen lapurretak, eta beste lekuetara eramandako ondare historikoa eskatzeko Greziak egindako erreibindikazioak, zeinetan nazioarteko pertsonaia entzutetsuek eta erakunde solidarioek parte hartu duten.

19:45-20:00 Atsedenaldia

20:00-21:00 Filma: Arabim. Las almas de las estatuas (2016), Antigoni Paraousi eta Kostis Papanastasatos. Jatorrizko bertsioa azpitituluekin, 53 min.

Lord Elginek Partenoiko estatuak eraman zituenean, atenastarrek arabim izena eman zieten. Gorputzetik erauzitako arimek, hau da, lapurtutako eskultura edo estatuen mamuek, jaio ziren lekuan geratzea erabakiko dute, lapurtutako ondasunen itzulera aldarrikatzeko. Elezaharraren arabera, arimak galdutako gorputzaren penaz negarrez egoten dira gauera, eta hiriak biltzen dituzte beren lantuarekin.

Koprodukzio bat da, Atenasko Unibertsitate Nazional eta Kaposdistriarreko Eskolaurreko Hezkuntza Saileko Antzerki Tailerraren eta VideFactoryren artekoa. Proiekzioaren ondoren hizketaldi txiki bat antolatuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude