Bi urtez txapelketa atzeratu ondoren, apirilaren 22rako eta 23rako prestatu du San Marcial klubak alebin edo kimu kategoriako jokalarientzat bere lehen txapelketa propioa. Arnasa elkartearekin elkarlanean antolatutako txapelketa solidarioa izango da eta partidetarako sarrerekin bildutako diru guztia elkarteak dohaintzan jasoko du. David Ruiz San Marcial klubaren futbol eskolako koordinatzaileak denboraldi amaierarako benjaminentzat beste txapelketa bat antolatzeko asmoa dutela aurreratu du.
Zergatik erabaki duzue San Marcial klubetik txapelketa hau martxan jartzea?
Duela bi urte hasi ginen txapelketa hau antolatzeko izapideak egiten, baina alde batera utzi behar izan genuen pandemia zela eta. Hasiera batean, ideia 2020an klubaren lehen txapelketa antolatzea zen, eta, harrezkero, ideia berriro martxan jartzea falta zitzaigun. Klubetik gogo handia genuen gure txapelketa antolatzeko. Lehenengo txapelketa honetan kimuek parte hartuko dute eta ekainean beste bat antolatzea gustatuko litzaiguke benjaminek ere jokatzeko aukera izan dezaten.
Erraza al da klub batetik txapelketa propio bat antolatzea?
San Martzial klubetik txapelketa indartsuak antolatu nahi ditugu. Ohiko txapelketetatik haratago doan pauso bat gehiago eman nahi dugu, eta horrek zailtasuna gehitzen du, batez ere lehenengo edizioa izanda. Beste ikaskuntza-prozesu bat da, baina pixkanaka erritmoa hartzen joango gara. Orain arte beste klub batzuek antolatutako txapelketetan parte hartu dugu, baina hemendik aurrera gureak ere izatea gustatuko litzaiguke.
Zergatik erabaki duzue txapelketa Arnasa elkartearekin batera antolatzea?
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoitzak dituen Euskadi osorako elkarte bat da Arnasa, fibrosi kistikoa duten pertsonak biltzeko helburuarekin sortua. Gure entrenatzaileetako batek gaixotasun hori duen alaba bat dauka eta horri esker gaixotasun hau hurbilagotik ezagutu ahal izan dugu. Bera elkarte honekin harremanetan dago eta horrela elkartu dira gure bideak. Hain zuzen ere, klubaren helburuetako bat mota horretako elkarteekin elkarlanean aritzea da, kirol egokitua sustatzeaz gain, futbola interesgarriak izan daitezkeen edo jendea kontzientziatzen lagun dezaketen gaiekin elkartu ahal izateko.
Zeintzuk dira txapelketaren helburuak?
Kirola sustatzea eta txapelketa propio bat antolatzea izan daitekeenaz gain, gure klubetik Garapen Iraunkorreko Helburuak sustatzen saiatu nahi dugu. Guztira 17 dira eta antolatuko dugun txapelketa honen barruan 8 helburu identifikatu ditugu eta helburu horiekin lerrokatuta egon gaitezkeela uste dugu. Uste dugu zerbaitetan lagundu dezakegula ekintza txikiekin. Ekintza horietako bat zero gosea izeneko helburua da, eta, horretarako, gure ekitaldiaren antolakuntzatik soberan geratzen den janari guztia tokiko erakunderen bati emango diogu. Berdintasuna ere landuko dugu eta antolakuntzatik egiten diren lanak ez dira generoaren arabera bereiziko. Iraunkortasuna ere kontuan hartu nahi dugu eta, horretarako, plastikoaren erabilera murriztuko dugu. Txingudiko Zerbitzuekin hitz egin dugu eta edalontzi berrerabilgarriak emango dizkigute, euro baten truke banatuko ditugunak, eta edalontzian erabiltzez amaitzean, itzuli egingo da. Lankidetzari dagokionez, Arnasarekin elkarlanean arituko gara, sarrerak 2 euroko prezioa izango baitu, eta sarreren zenbakiarekin hainbat zozketa egingo dira txapelketan zehar afariak, kirol ekipamenduak eta bestelakoak banatzeko. Bildutako diru guztia elkartera bideratuko da zuzenean. Gainera, txapelketak kontzientziazioan lagundu nahi du, oso ezaguna ez den gaixotasun bat ikusaraziz.
Nolako harrera izan du txapelketako lehen edizio honek inguruko klubetan?
Aurten, guztira, 2011ko belaunaldiko 14 talde lehiatuko dira. 2010eko belaunaldikoak 18 talde izango dira guztira. Txapelketan Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko taldeek parte hartuko dute. Guztira bi egunetan 99 partida jokatuko dira guztira, aurreko fasea, finalerdiak eta finala barne.
Txapelketaren emaitzak aplikazio bidez jarraitu ahalko dira, ezta?
Bai, paperaren erabilera ahalik eta gehien murrizteko helburuarekin, txapelketa garatzeko eskura ditugun tresna digital guztiak erabiltzen saiatuko gara. Esteka baten bidez, partiden ordutegiak, emaitzak eta sailkapenaren aldaketak denbora errealean ikusteko aukera emango diogu jendeari. Horrela, ez dugu panelik erabiliko paperak aldatzeko eta dena eskuz idazteko. Txapelketari buruzko guztia aplikazio honetatik kontrolatu ahal izatea nahi dugu.
Noiz jokatuko dira partidak?
Apirilaren 22an, ostirala, 2011ko belaunaldiko partidak jokatuko dira, eta apirilaren 23an, larunbata, 2010eko belaunaldiko partidak.
Zeintzuk dira lehen edizio honetarako aurreikuspenak?
Garrantzitsuena parte-hartzaileek futbol jardunaldi hauetaz gozatzea da. Bestalde, horrelako txapelketak martxan jartzeko balio izatea nahi dugu, eta hemendik aurrera antolatuko direnak futbola baino gehiago izatea. Guk antolatutako txapelketetan publikoak ere bere ekarpenak egin ahal izatea nahi dugu. Horregatik, baliagarri gerta dakiekeen informazio guztia ematen ahalegindu gara, adibidez, Ficoban disuasioko aparkalekua dutela.
Oraindik lehen edizioa antolatzen ari bazarete ere, jada etorkizunekoetan pentsatzen hasi zarete?
Bai, asmoa lehenik eta behin kimuentzat lehen txapelketa hau antolatzea da, eta denboraldiaren amaierarako benjaminentzat beste bat prestatzea, klubeko txikienak izango liratekeenak, eta haiek ere horrelako ekitaldietan parte hartzeko aukera izatea nahi dugu.