Bidasoa XXI klubarentzat denboraldi berria martxan dago jada. Klub irundarreko igerilariak dagoeneko bi txapelketetan lehiatu dira eta emaitza onekin itzuli dira etxera. Igerilariak Espainiako Kopa eta Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketen prestaketan zentratuak daude orain, Neguko Txapelketa bistatik galdu gabe. Maite Iguiñiz, Libe Galzakorta, Ainhoa Bacchi eta Lide Larrea igerilariek denboraldiko erronkak zeintzuk diren eta beren nahiak zeintzuk diren azaldu dute.
Nolakoak izan dira lehen txapelketetako lorpenak?
Ainhoa: Egia esan orain arteko txapelketak oso ondo joan dira. Lehenengo Euskadiko Kopan parte hartu genuen eta nik ez nuen asko parte hartu, proba batean bakarrik lehiatu nintzelako, baina oso ondo atera zitzaidan. Oraintxe Castellonetik itzuli gara Castalia Nazioarteko Txapelketan parte hartu ostean eta oso nekatuak gaude. Egia esan, gure emaitzak asko gustatu zaizkit, finalean sartzea eta arratsaldean igeri egitea lortu dugulako. Gure markak hobetzea lortu dugu, beraz, asko poztu gaitu horrek.
Libe: Ni hiru probetan lehiatu nintzen eta oso ondo atera zen dena.
Lide: Pozik gaude denboraldi hasieran ez genuelako espero hain marka onak lortzea. Aurten kategoria aldaketa izan dugu eta entrenamenduetan hori nabari da. Esaterako, gimnasioan ordu gehiago sartzen hasi gara eta hori beste aldaketei gehituta, hobekuntza nabaritu dugu.
Maite: Orain lehen baino gehiago entrenatzen dugu eta emaitzek horixe erakusten dute. Gainera, horrela jarraituz gero, badakigu emaitzak aurrerantzean geroz eta hobeak izango direla.
Garrantzitsua da denboraldia emaitza onekin hastea?
Libe: Bai, irailean batez ere entrenamendu fisikoa egiten dugu, gimnasioan eta korrika egiten ordu asko sartzen ditugulako. Urtarrilean jada igerilekura itzultzen gara uretan entrenatzeko, beraz, denboraldia hasi berri dugunez emaitzak onak dira.
Ainhoa: Tartean hain garrantzitsuak ez diren txapelketa batzuk izan ditugu, baina horietan ez da ikusten benetan zure marka zein den. Baina txapelketetan emaitza onak lortzen dituzunean poza ikaragarria da eta hurrengo lehiaketetarako gogo handiagoa sortzen zaizu.
Aldaketak izanda ere, emaitza onak lortzea seinale ona da, ezta?
Lide: Bai, emaitzak onak izateaz gain, lorpenek gure buruan konfiantza handiagoa ematen digute. Horrela, txapelketa handietara lasaiago goaz eta gehiago motibatzen gara. Pozgarria da egindako lanak emaitzak dauzkala ikustea.
Maite: Hori da. Denboraldi honetako entrenamenduetan gehiago lantzen ari gara teknika. Horrek ere txapelketetara lasaiago joaten laguntzen digu eta gure marken hobekuntzan zentratzeko aukera ematen digu.
Zeintzuk izan dira lehen lehiaketan izandako sentsazioak?
Libe: Garrantzi gutxiago duten txapelketetan gu normalean lehiatzen ez garen probetan parte hartzen dugu, zelako sentsazioak ditugun ikusteko. Garrantzitsuetan berriz, soilik gure probetan aritzen gara eta orduan ikusten dugu zein den gure benetako maila.
Ainhoa: Guztiok dugu okerrago egiten dugun zerbait, baina ondo dago tarteka hobetzeko aukerarik ba ote dagoen egiaztatzea. Noski, hori guztia gure modalitatearen prestaketaz ahaztu gabe.
Zuetako bakoitzak entrenamendu berezituak ditu?
Libe: Orain arteko entrenamenduak nahiko orokorrak izan dira, baina laster entrenamenduen intentsitatea igoko dugu. Txapelketen aurretik berriro maila jaitsiko dugu lehiaketetara nekatuegiak ez iristeko.
Ainhoa: Igeriketa modalitate bakoitza desberdina da. Libek bizkar igeriketa egiten du eta nik tximeleta eran eta bakoitzak bere entrenamenduak dauzka, teknika desberdina da eta.
Zeintzuk izango dira zuen hurrengo txapelketa garrantzitsuak?
Libe: Euskadiko Txapelketa da nire hurrengo erronka handia. Ondoren, Espainiako Neguko Txapelketa dator, oso txapelketa garrantzitsua ere, eta oraintxe horiek prestatzen nabil.
Ainhoa: Hamabost egun barru Espainiako Kopako txapelketa daukat eta bertan nire marka hobetzen saiatuko naiz. Gero, Libe bezala Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak prestatu nahi ditut. Ondoren Espainiako Neguko txapelketan egongo gara errelebotan marka minimoa egitea lortu dugulako.
Lide: Ni ere Espainiako Kopan izango naiz eta aurretik geratzen zaizkigun bi aste hauetan horren prestaketan zentratuak gaude. Oraindik xehetasun tekniko batzuk hobetu behar ditugu taldearentzako ahalik eta puntu gehien lortzeko.
Maite: Nik berriz, Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketetan parte hartuko dut eta Neguko txapelketetarako marka minimoak lortzen saiatuko naiz.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.