Irungo Udaleko Hiri Bultzada arloak, Gabonen erdigunean gauden honetan, ezagutzera eman ditu «Betiko Gabonak, inoiz ez bezala» kanpainako atrakzio nagusien datu orokorrak.
Miguel Ángel Páez ordezkariak nabarmendu duenez, «geure hirirako kanpainaren leloak dioena egiten ari gara; izan ere, lelo hori betetzen ari da. Inoiz ez dugu horren Gabon mugiturik ikusi, kaleko animazioari eta jendeari eta jarduerei dagokienez. Irun benetan ikusgarri dago, eta espero dugu horrela jarraitzea, Gabonak familiarekin eta lagunekin gozatzeko garaia baitira, baita hiria dinamizatzeko ere, eta Udalean jo eta ke ari horretarako lanean».
Hiru izotz-pisten eta txirrista erraldoiaren datuek lehen egunotako sentsazio onak berresten dituzte. 4.000 lagun baino gehiago pasatu dira lau instalazio horietatik, eta egunen batean txartelak amaitzera ere iritsi dira horietakoren batean. Zehazki, Luis Marianoko pistan 731 pertsona izan ditugu, Pio XII.ekoan 560, eta Sarjian izan dugu arrakastarik handiena: 1987 patinatzaile. Kokaleku hori zen, hain zuzen, kanpainako apustu nagusia, ludotekaren ondoan baitago eta tirolina bat ere baduelako. Pio XII.ekoa ere oso erakargarria da, eta sabaia du azalera osoa estaltzen (oso erabilgarria egunen batean euria egiten badu). Luis Marianokoak, aldiz, zirkuitu bat eskaintzen du lorategien artean sigi-saga. Azkenik, apustu seguru bat: trineoan 1.085 jaitsaldi erregistratu dituen txirrista erraldoia. Guztira, 4.273 lagun pasatu dira 4 kokaleku horietatik.
Oparitu Irun
Azken egunotako beste albiste garrantzitsu bat ere ezagutu da: Turismo Bulegoa lehen aldiz ari da parte hartzen Gabonetako merkatuan. Aurreko astelehenetik, abenduak 26, eta urtarrilaren 5era arte, Zabaltza plazara joaten diren guztiek hiriarekin lotutako askotariko produktuak eskuratu ahal izango dituzte bertan, beste inon saltzen ez direnak: merchandisinga, katiluak, boligrafoak, bertako irudiekin apaindutako poltsak edo hiriari buruzko liburuak, besteak beste. «% 100 Irungoak diren objektuak lortzeko aukera polita da, eta oso aproposa Gabon hauetan oparitzeko. Gainera, kanpotik datorren jende askoren bisita jasotzen ari gara egunotan, eta horrela Irungo oroigarri bat etxera eramateko aukera izango dute haiek ere», gaineratu du Hiri Bultzadako ordezkariak.
Azoka 11:00etatik 13:30etara eta 16:30etatik 20:00etara dago irekita astegunetan, eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara asteburuetan.
Dena eskura webgunean eta sareetan
Kanpainak, bestalde, aurreikusi bezala jarraitzen du aurrera, eta mundu guztiarentzako jardueraz beteta ekin dio oporraldiaren bigarren erdiari. Hitzordu oso interesagarriak ditugu zerumugan, hala nola merkataritza-inguruetako musika-emanaldiak, Erregeen etorrera edo haurrentzako doako zinema-saioak, abenduaren 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an. Informazio guztia eskuragarri dago Udalaren webgunean, Gabonei buruzko atal berezian, edo Irungo Udalaren sare sozialetan: Twitter eta Instagrameko @irun_informa kontuetan, #GabonetanIrunDa eta #EsIrunEnNavidad traol-hitzekin. Era berean, udalaren webgunearen bidez, plano interaktibo batera sar daiteke, programako jarduera-gune nagusiak non dauden mapan ikusteko.