Gaur aurkeztu da Girabiraren hirugarren jardunaldia izango dena. Irailaren 27an egingo da, Anzaranen, Pinudi parkean. Prentsaurrekoa eskaini dute horretarako Nuria Alzaga Kultura ordezkariak eta Txikis del Bidasoa elkarteko arduradun diren Pía Alzaga eta Ainara Rubiok. Dantzaren inguruko jardunaldia izango dela aurreratu dute.
Girabira programak Irungo parkeetan paseatzea proposatzen die familiei, eta, ildo horretatik, jardunaldi tematikoak antolatzen ditu, emanaldiak, tailerrak eta piknikak konbinatuz. Oraingoan, dantza tailerrak eta ikuskizun bat izango dira, 17:00etatik aurrera.
Tailerrak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira. Uikan Dantza konpainiak tailer dantza bat emango du, eta, ondoren, Marte Sorkuntza Laborategiak, sorkuntza tailer bat, familiek beren sormena esplora dezaten diziplina artistikoen bidez.
19:00etan berriz, dantza ikuskizunaren txanda izango da. Tio Teronen Semeak konpainiak Haurreskolari dantza ikuskizuna emango du. Konpainiak berak honela deskribatzen du: “Gure koadrila xelebrea ikastetxera bueltatu da!! Bertan, gure bizitzaren parte izan diren egoera eta doinuen bitartez, une ahaztezinak biziberrituko dituzte. Ikasitakoa desikasten saiatuko dira, ikusleen eskutik, ikasketa prozesu berri bat umorez eraikitzeko asmoz. Denak gelara, txirrinak jo du eta!”.
Nuria Alzagak adierazi duenez, uda bukatzear da, baina Irunen badira planak oraindik: “horren adierazgarri, Girabira programaren hirugarren jardunaldia: Pinudiko parkean aire zabalean dantzaz gozatzeko aukera bat familientzat”.
Girabira Txikimusika
Girabira programaren azken jardunaldia musikaren inguruko saio bat izango da, urriaren 12an, Mendibil parkean egingo dena. Eguna gerturatu ahala emango dira xehetasunak.



