Zaisa Txingudiren gizonezkoen taldeak asteburu honetan ekingo dio ligari Durangon

Txingudi Errugbi Klubeko gizonezkoen talde nagusiari ligan debuta egiteko unea iritsi zaio. Larunbat honetan, 15:00etan, Durango B/Mutriku konbinatuaren aurka arituko dira Arripausuetako errugbi zelaian (Durango). Taldea lehiaketara itzultzeko gogoz dago, azken partida ofizialetik sei hilabete baino gehiago igaro baitira. Udan egindako fitxaketa berriek eta azken asteotako entrenamenduetan jokalariek erakutsitako inplikazio handiak itxaropen positiboak ekarri dituzte denboraldi berrirako.

Bestalde, emakumezkoen taldeak Bilbon jasandako porrotari buelta ematea eta garaipenaren bidera itzultzea izango du helburu asteburuan. Horretarako, Donostiari egingo diote bisita larunbatean bertan, 16:00etatik aurrera, Anoetako Miniestadioan jokatuko den partidan.

Harrobiaren asteburuko hitzorduak

Klubeko harrobiko taldeek ere hitzordu garrantzitsuak izango dituzte larunbatean: 16 urtez azpiko taldeak Bilbon jokatuko du 12:00etan Uni Bilboren bigarren taldearen aurka, eta 14 urtez azpikoek zazpiko errugbiko bigarren topaketan parte hartuko dute Lasarten, 14:30etik aurrera. Azkenik, klubetik oso pozik agertu dira joan den asteburuan Hondarribiko hondartzan errugbi eskolak egindako topaketaren inguruan, erantzun eta giro bikaina bildu baitzituen jardunaldiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude