Santiago-La Bañera Auzo Elkarteak, Irungo Udalaren laguntzarekin, ‘Musika arratsaldean!’ jardunaldia antolatu du datorren iganderako, urriak 18, auzoko kaleak musikaz eta ahots koralaz betetzeko asmoz. Santiago auzoko abesbatzen topaketa honetan hartuko dute parte Atzokoak, Náyade Abesbatza eta IGA Abesbatzek.
Egitaraua 17:30ean hasiko da, parte hartuko duten taldeek musika eta abestiak eramango baitituzte Santiago auzoko hainbat txokotara. Horrela, hiru abesbatzak aldi berean hasiko dira kantuan, auzoko hiru
gune desberdinetan: Erromes plazan, Iñaki eta Alaizu tabernen aurrean eta Santiago Auzoko Bizilagunen Elkartearen aurrean.
Ondoren, 18:00etan, hitzordu nagusia Auzo Elkarteko plazatxoan izango da, bertan kontzertu bateratua eskainiko baitute bertaratutako abesbatza guztiek elkarrekin. Ekimen honen bidez, Santiago-La Bañera Auzo Elkarteak auzoa girotu eta musikaz gozatzeko aukera eskaintzeaz gain, Irunen musikagintza bultzatzea bilatzen du, bereziki inguruko abesbatzek egiten duten lana aitortuz eta balioan jarriz. Izan ere, abesbatza bakoitzak bere nortasuna eta estiloa ditu eta aniztasun horrek gure hiriko musika eta kultur eskaintza aberasten dituela uste dute elkartetik. Horregatik, irundar guztiak gonbidatu nahi dituzte Santiago auzora hurbiltzera, musikaz gozatzera eta elkarrekin arratsalde eder bat pasatzera.



