Saioa Huarte surflari irundarrak bere kirol-ibilbideko lorpenik handiena eskuratu du igande honetan, Kaliforniako (AEB) Palm Springs hirian jokatutako surf egokituko Munduko Txapelketan urrezko domina irabazita. 18 urte besterik ez dituela, emakumezkoen Stand 1 kategorian gailendu da 5,17 puntuko azken emaitzarekin, Lara Llanos argentinarraren (2,50 puntu) aurretik.
Garaipenak garrantzi berezia du, mundu mailako txapelketa batean parte hartzen zuen lehen aldia izateaz gain, lehen aldiz aritu baita olatu artifizialeko igerileku batean —Gipuzkoako Wavegarden enpresaren teknologia duten DSRT Surf instalazioetan, hain zuzen—. Kantauri itsasoko hondartzetan entrenatzera ohituta egon arren, ezin hobeto egokitu da olatu programatuetara, Mireia Cabañes taldekidearekin eta Stella Papetti italiarrarekin partekatutako txanden ostean. «Lehen postu hau azken hilabeteotako konstantziaren eta lanaren ordaina da, baina baita hobetzen jarraitzeko eta etorkizunean etor daitezkeen kirol erronka berriei ilusio handiz aurre egiteko motibazio gehigarria ere», adierazi du txapeldunak.
Munduko titulu honek amaiera bikaina eman dio zailtasunez bezainbeste arrakastaz betetako denboraldiari; izan ere, urte hasieran oinean ebakuntza egin behar izan zioten eta horrek prestakuntza baldintzatu zion. Hala ere, osatzea lortu eta ekainean Espainiako txapeldun izendatu zen Stand 1 kategorian, udan kategoria absolutuko bi azpitxapeldun postu gehituz Galiziako ABANCA Pantín Classic eta Kantabriako EDP Surf Pro Spain probetan. Lan horri esker jaso zuen Espainiako Surf Federazioaren deia hamabi surflariz osatutako selekzioarekin Kaliforniara joateko, taldeko ordezkaririk gazteena izanik eta Ibon Gurrutxaga zein Aitor Francesena Gallo gipuzkoarrekin batera lehiatuz. «Deitu izana aurtengo lanaren eta emaitzen aitortza garrantzitsua izan zen niretzat; gainera, surf egokituko erreferente handiekin bizipenak partekatzeko aukera izan dut», nabarmendu du irundarrak.
Surf hastapenak
2016an Kind Surf ekimenaren bidez surfa ezagutu zuenetik, kirol hau bere bizitzaren funtsezko ardatz bihurtu da. Jaiotzetiko garun-paralisia du, gorputzaren ezkerraldeko mugikortasunari eragiten diona, eta horregatik arraunean egiteko zein oreka mantentzeko teknika propioa garatu du Stand 1 kategorian lehiatzeko. Gaur egun, goi-mailako kirola eta Tolosan egiten ari den Irudi bidezko Diagnostikoko eta Medikuntza Nuklearreko ikasketak uztartzen ditu. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta surf egokituari ikusgarritasun handiagoa emateko, babesle pribatu zein instituzionalen bila dabil Huarte, eta horretarako www.saioahuarte.com webgunea jarri du martxan bere historia eta emaitzak partekatzeko.



