Pio Baroja institutuko ikasleak “Laguntza-gutunak” proiektura batu dira

Laguntza-gutunak” familia edo gizarte sarerik ez duten eta bakarrik sentitzen diren pertsonei, zehazki, adinekoei, idazketaren bidez laguntzeko nahietik sortutako proiektua da.  Udala eta Itziar Sistiaga idazle eta idazketa-irakasle irundarren arteko elkarlanari esker abian jarri zen egitasmoa. Gaur idazlea eta Nuria Alzaga Gizarte Ongizateko ordezkaria Irungo Pio Baroja institutuan izan dira proiektuaren berritasunak aurkezteko.

Aurtengo berritasun nagusia da Irungo gazteek parte hartuko dutela “Laguntza-gutunak” proiektuan. Izan ere, Gizarte Ongizate arloko Adinekoen Zerbitzuak Pio Baroja institutuko batxilergoko bigarren mailako ikasleak gonbidatu ditu laguntza-gutunak idaztera. Gutun horiek gero hiriko adinekoei bidaliko zaizkie.

Bestetik, aurten gutunak jasotzen dituzten pertsonek gutunei erantzuteko aukera izango dute. Horretarako, helbide elektroniko berri bat aktibatuko da, laguntzagutunak@irun.org. Era honetan, komunikazioa indartzeaz gain, parte-hartzaileek hitz egiteko bitarteko bat izango dute e-maila horren bidez. era berean, laguntza-gutunen zerbitzua ere eskatu ahal izango da.

Belaunaldien arteko proiektua

Nuria Alzaga ordezkariaren hitzetan, “proiektu polit honek gure aldetik arreta guztia merezi zuen, indartzeko eta bultzada berri bat emateko. Gizarte Ongizateko ordezkariak uste du belaunaldien arteko proiektu bihurtzeak freskotasuna emango diola ekimenari: “onurak ekarriko dizkie bi belaunaldiei maila kognitiboan nahiz emozionalean”.

Laguntza-gutunen proiektuaren aitzindari den Itziar Sistiaga idazleak bi tailer eskainiko ditu institutuan, ikasleak ekimen horretan inplika daitezen. Lehenengo tailerrean, proiektua azaldu eta ikasleen parte-hartzea antolatuko dute. Bigarren saioan, berriz, gutunak jaso eta esperientzia ebaluatuko dute.

Proiektuaren jatorria

Laguntza-gutunen proiektua pandemiaren garaian sortu zen, bakarrik bizi ziren pertsonak laguntzeko eta horiekin komunikatzeko beharra ikusi zenean. Ideia martxan jarri eta proiektuak oso harrera ona izan zuen. Beraz, gutunak pertsona gehiagori helaraztea eta proiektuak denboran jarraipena izatea bilatu zen.

Ordutik, lagun egiteko gutunak astero bidaltzen zaizkie adinekoei Udaleko Gizarte Ongizateko Saileko adinekoen zerbitzutik, bere garaian gizarte-laguntzako sarerik eta familiakorik ez zutela ikusi ondoren. Gutunak adin desberdineko idazle boluntarioek eta Irungo CBA udal-liburutegiko idazketa-klaseetara joaten direnek idazten dituzte, Itziar Sistiaga idazle eta irakasle irundarraren laguntzarekin.

Horrela, posta elektronikoaren bidez, Irungo adinekoen gizarte-guneetara, eguneko zentroetara, egoitzetara eta adinekoen elkarteetara ere zabaltzen dira.Halaber, entzuteko aukera ere badago, astero audioa ere bidaltzen baita laguntza-gutunarekin batera.  Gutunak nahiz audioak udalaren webgunean eskura daitezke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude