Txinzerrek Meatzari kalean ura banatzeko hoditeria aldatzeko lanak egingo ditu 8 astez

Txinzerrek, Txingudiko Zerbitzuak, Meatzari kalean ura banatzeko hodiak aldatzeko lanak hasi ditu. Lan horiei esker zonaldeko ur-horniduraren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko premiazko neurriak hartuko dira. Jarduketa egiteko esleitutako aurrekontua 115.000 eurokoa da, eta proiektua aurrera eramateko enpresa kontratista URBYCOLAN, S.L. izango da.

Obrak 8 astez luzatzea aurreikusten da. Kale horretan kokatutakoa Iparragirre Goikoa biltegiko arteria nagusietariko bat da eta lanen bidez fibrozementuzko hodi zahar bat ordeztuko da. Aipaturiko hodiak 60 urte baino gehiago ditu eta azken urteetan behin eta berriz hautsi ondoren,  lehenbailehen ordezkatzeko beharra ikusi da. Galdaketa nodularreko hodi berria Lavanderas kaletik hasi -Soroxartako zubiaren ondoan- eta Auzolan kalearekin bat egin arte luzatuko da. Gainera, azpiegitura zaharra kenduko da kaltetutako zatietan.

Hodia ordezkatzeaz gain, etxeko 7 hartune berrituko dira. Horrela, inguru horretan ura banatzeko sistemaren eraginkortasuna hobetuko da. Obrek iraun bitartean ur-horniduran ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko, bypass bat ezarriko da behin-behineko eroanbide batekin. Ur-horniduraren mozketa puntualak aurreikusten dira, eta obrak aurrera egin ahala iragarriko dira, egoiliarrek eta saltokiek plangintza egokia egin ahal izan dezaten. Oinezkoentzako zein ibilgailuentzako garajeetarako sarbidea uneoro bermatuko da, etenaldi puntualak egon daitezkeen arren. Dena den, aldez aurretik jakinaraziko dira.

Txingudiko Zerbitzuak enpresatik barkamena eskatu dute lanek sor ditzaketen eragozpenengatik, eta kaltetutako egoiliarren eta saltokien lankidetza eta ulermena eskatu dute obrek iraun bitartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude