Cristina Laborda Obretako ordezkariak eta Mónica Martínez Herritarren Parte-hartzeko ordezkariak Ermita kalearen berrurbanizazioaren ildo nagusiak eta parte hartzeko prozesua jakinarazi dituzte. Cristina Laborda Obretako ordezkariak eta Mónica Martínez Herritarren Parte-hartzeko ordezkariak Ermita kaleko lehen fasearen berrurbanizazioaren ildo nagusiak eta parte hartzeko prozesua jakinarazi dituzte. Jarduketa errekaren gaineko zubia gainditu ondoren hasiko da, Uztapide Bertsolari kalearekiko bidegurutzeraino, baita Ama Xantalen ermitaren ateraino iristen den kale-zati osora ere.
«Kalearen egungo konfigurazioa ikusita, ezinbestekoa da guztiz berritzea, irisgarritasuna egokitzeko, espazio zabalak lortzeko eta eremua atseginagoa izateko. Hirien erdialdeetan, horixe da joera nagusia. Irizpide horiek berak aplikatzen ari gara antzeko beste proiektu batzuetan, hala nola, dagokionean, Santa Elena kalean. Helburua: oinezkoak izatea protagonistak, oinezkoentzako lehentasuna ezartzea eta gozamenerako berdeguneak instalatzea», adierazi du Cristina Labordak.
Bestalde, Mónica Martínez Herritarren Parte-hartzeko ordezkariak nabarmendu duenez, «jarduketa hau egitean, berriz ere, auzotarrekin batera lan egin nahi izan dugu. Astelehenean eremuan bizi diren pertsonekin izan ginen, haiei proiektuaren berri emateko, eta ildo beretik jarraituko dugu, beti prest egongo gara auzotarren proposamenak eta beharrak entzuteko eta haiei erantzuteko».
Proiektuaren deskribapena
Ermita karrika berrurbanizatzeko proiektuak Santa Elena karrikako zubitik Ermitaren museoraino doan tartea hartzen du gaur egungo fasean, eta 90 m inguruko luzera du. Hau da konfigurazio orokorra: ibilgailuentzako erdiko pasabide bat, eta espaloi bat beste sestra batean, esku-hartzearen hasieran, eta oso espaloi estu bat ondoren, fatxaden ondoan, ibilgailuentzako eremuaren ia sestra berean, zoladuraren aldaketa batengatik bakarrik bereizia.
Dunboako ubidearen paraleloan, zuhaitz batzuk daude enbor garatuak dituztenak, eta horien artean autoak aparkatzen dituzte, desordenatuta, horretarako egokituta ez dagoen arren.
Ama Xantalego iturriaren ondoan zabalera handitu egiten da, nahiz eta espazioek egoteko gunerik ez duten. Hor ere, baimendu gabeko tokietan aparkatzen da batzuetan, eta, gainera, iturriaren monumentuari ikuspegia kentzen diote.
Bai Ermitako Museoa bai Ama Xantalengo iturria “ondare historiko arkitektonikoaren katalogoan” daude, eta monumentu-babesa dute.
Proposamenaren helburu nagusia da oinezkoari protagonismo handiagoa ematea, itxura atsegineko espazio bat sortuz, pertsonentzat ibiltzeko aukera handiagoa eta irisgarritasun hobea izango duena. Era berean, egoteko leku txiki batzuk ere sortu nahi dira, eta giro ez hain zurruna sortu, landaredia, lorategiak eta espazio zabalagoak gehituz. Jardueren bidez, halaber, merezi duten garrantzia eta ikusgarritasuna eman nahi zaie Ermitako museoari eta Ama Xantalengo iturriari ere.
Konponbidea oinezkoen lehentasuneko plataforma bakar bat sortzea da, harrizko zoladura izango duena, ibilgailuentzako bidea eta oinezkoentzako espaloia bereiziko ez dituena, baina bai museoaren aurrealdeak eta iturria, gehiago nabarmen daitezen. Ubidearen ondoko arbolak parterre luze batean sartuko dira, arnasa hartzeko tokia izan dezaten eta inguruan zoladura zurrunetan estu egon ez daitezen. Parterre horretan zehar, hainbat eserleku jarriko dira, baina gainerako altzarien aldean, konfigurazio desberdina izango dute.
Kale osoko argiteria berrituko da, bai kanalizazio aldetik bai argiztapen-puntuen aldetik, eta LED teknologia izango dute. Argiztapenaren atalean, ermita eta iturria ere nabarmendu egingo dira. Era berean, Txingudiko Zerbitzuen azpiegiturak berritu egingo dira hala behar duten kanalizazio eta elementuetan, saneamenduari eta edateko urari dagokienez, eta gauza bera egingo da kaleko gainerako azpiegiturekin.
Era berean, lorezaintzan esku hartuko da, bai egin beharreko parterre berrietan, bai iturriaren ondoan dagoen parterrean. Azkeneko horretan, jatorrizko espiritua berreskuratuko da ahal dela, kontuan hartuta iturriaren itxura estetikoa ere hobetu behar dela fatxada garbituz eta estalkia hobetuz.
Proiektuaren aurrekontua: 425.000 euro