Hilaren 18, asteazkenarekin, Ama Xantalenen eguna dela-eta, izen bereko ermita, gure kultur ondarearen barruko aztarnategi arkeologiko nagusietako bat, zabalik egongo da: sarrerako erakusketara sartu ahalko da, eta, lehenengo solairutik, tenpluaren hondarrak ikusi. Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak sustatzen du Ama Xantalenen eguneko ekimen hau, duela zenbait urtetik.
10:00etatik 20:00etara bitartean egongo da zabalik ermita, eta sarrera doakoa izango da. Covid-19a ez kutsatzeko segurtasun neurriak direla-eta, gehienez ere hamar lagun bildu ahalko dira erakustaretoan, eta hemezortzi goiko solairuan. Gainera, maskara erabili beharko da, nahitaez, eta gel hidroalkoholikoa banatuko zaie bisitariei, eskuak behar bezala garbitzeko.
Bestalde, udako igande guztietan, 11:00etatik aurrera, nekropoliaren bisita gidatuak eta Irun Erromatarra tourra egiteko aukera eskaintzen ditu Oiasso Museoak –Irun Erromatarra tourra gailu mugikorretan ere egin daiteke, doan–. Horretarako, hitzordua eskatu behar da aurrez, 943639353 zenbakira deituta. Prezioa 5,5 eurokoa da helduentzat, eta 3,85 eurokoa 6-14 urteko haurrentzat, eta 6 urtetik beherako haurrak doan sartzen dira.
Historia
Ama Xantalen 2.000 urtean erabili izan da erlijio gaietarako: lehenengo, Oiasso erromatar egonlekuko biztanleen hiletak egiteko nekropoli edo hilerria izan zen; gero, X. mendean, eliza txiki bat kokatu zen, eraikin pagano bat baliatuz; XIV. mendean, beste tenplu kristau bat sortu zen eliza txiki horren ordez; eta, azkenik, XVI. mendean, egungo neurriak eman zitzaizkion tenpluari. Ermita Konstantinoren amari eskaini zitzaion: 313. urtean, kristautasuna baimendu zuen enperadore horrek, eta haren amak Nazareteko Jesus gurutziltzatzeko erabilitako gurutzearen hondarrak aurkitu zituen; horregatik, santifikatua izan zen.
Ama Xantalen ermita euskal kultur ondarearen barruan babes berezia duen kultur ondasunetako bat da (maiatzaren 6ko 6/2019 Legea), baita Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue bidearen zatiari atxikitako ondasuna (urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue bidearen zatia monumentu multzoa kategoriako kultur ondasun sailkatua izendatzekoa).
Abuztuaren 21ean eta 28an, gazteentzako bisitak
Oiasso Erromatar Museoak 14 urtetik 25 urtera bitarteko gazteentzako bisita bereziak antolatu ditu, bere bilduma arkeologikoa eta Ama Xantalen ermita modu desberdin batean ezagutarazteko, eta EHUko ikasleek parte hartuko dute bisitetan, Oiasso Museoaren praktika programaren esparruan, abuztuaren 21ean eta 28an, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Doakoak izango dira bisitak, baina, parte hartzeko, izena eman beharko da, 943639353 telefono zenbakira deituta.
Covid-19a ez kutsatzeko segurtasun neurriak direla-eta, gehienez ere hamar erabiltzaile bildu ahalko dira bisitetan. Gainera, maskara erabili beharko da, nahitaez, eta gel hidroalkoholikoa banatuko zaie bisitariei, eskuak behar bezala garbitzeko.