Oiasso museoak jarduerez betetako egitaraua aurkeztuko du Museoen Nazioarteko Eguna dela eta

Maiatzaren 18a Museoen Nazioarteko Eguna da. Museoen Nazioarteko Kontseiluak kudeatzen du proposamena, eta Oiasso Erromatar Museoak urtero ospatzen du. Bada, aurten, Irunen, are handiagoa izango da ospakizuna, Irungo museoa Chillida Leku eta Topic museoekin elkarlanean arituko baita eta horri esker jarduera interesgarriak eskainiko baititu berriro ere.

Honako hauek dira aurreikusitako jarduerak:

1) Aniztasunaren Gala. Maiatzaren 14an, Oiasson izango da; maiatzaren 15ean, Topic zentroan (Tolosan); eta, maiatzaren 16an, Chillida Leku museoan. Musika eta dantza emanaldien bidez, arteak mugarik ez duela frogatuko da, eta azpimarratzen duela zenbateraino diren baliagarriak museoak etorkizun bidezko eta jasangarria eraikitzeko. Alde horretatik, Museoen Nazioarteko Kontseiluaren
hitzetan, “COVID ondoko aroan, museoek azpimarratu behar dute zenbateraino diren baliagarriak etorkizun bidezko eta jasangarria eraikitzeko. Museoek onartu behar dute funtsezko eginkizuna betetzen dutela partekatzeko eta elkarrizketarako gune ireki, inklusibo eta demokratiko gisa”.

Honako hauek dira Aniztasunaren Galara gonbidatutako artistak: Iñaki Salvador, Jakes Txapartegi, Simón Ezquiaga, Telmo Irureta eta, The Dancer telebista saio ezagunean arrakasta handia izan berritan, Verdini Dantza Taldeko kideak.

Galara joateko sarrerek 5,00 € balio dute, eta museo bakoitzean salduko dira. Informazio gehiago nahi izanez gero, museo bakoitzaren webgunea kontsultatu daiteke:

www.topictolosa.com

www.oiasso.com

www.museochillidaleku.com

2) Pieza Bihurriak. Familiek museo bakoitzean ezkutatutako hiru objektu bilatzeko jarduera bat da. Aurkitzen dituzten piezen argazkiak sare sozialetara igo beharko dituzte familiek, eta hiru museoetako objektu guztiak aurkitzen dituztenek sariak irabaziko dituzte. Maiatzaren 18an hasiko da jokoa, egun horretan Oiasso Museoko sarrera doakoa izango dela aprobetxatuz, eta irailaren 30era arte iraungo du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude