Irungo Musika eta Dantza eskola eta Kontserbatorioa datorren ikasturtea prestatzen hasi dira

Hezkuntzako ordezkari eta Irungo Musika eta Dantza Eskola eta Kontserbatorioko lehendakari Santi Jiménezek eta ikastegiko zuzendari Amaia Liceagak 2021-2022 ikasturterako matrikulazio prozesuaren hasieraren eta berritasun nagusien berri eman dute.

“Lau urtetik gorakoekin egiten dugun lanari esker, kultura eta aisialdia bat egiten dituen jarduera bat eskaintzen diegu txikienei, eta, azkenerako, arrakasta lortzen dugu; adibidez, berriki, Andoaingo piano jaialdian eta Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan”, adierazi du ordezkariak. Bide batez, ikastegiak eta bertako kideek hilabete hauetan guztietan pandemia egoerara egokitzeko egindako ahalegina eskertu du.

Datorren ikasturteari begira, matrikulazio datak zeintzuk izango diren jakinarazi da. Ikasle berrientzako aurre-izen-emate epea maiatzaren 17an ireki eta hilaren 31n itxiko da. Irungo Udalaren webgunean eta eskolaren webgunean, aurreinskripzioak on-line egiteko gune bat jarriko da. Interesa duten pertsona guztiek datu pertsonalak, aurretiko ezagutzak eta lortu nahi duten espezialitatea jaso beharko dituzte: musika (musika-hizkuntza), balleta, instrumentua (zein), edo multzoak. Datorren ikasturteko nobedadeak helduentzako lengoaia musikaleko klaseak dira, 4 eta 5 urteko haurrentzako haur taldeak, musika eta pop & rock taldeen sorkuntza gerturatzeko.

Musika hizkuntza eta balleta

Behin eskabide guztiak jasota, espezialitatearen eta adinaren arabera sailkatuko dira. Musika hizkuntzako eta balleteko eskoletan hasteko eskabideen kopurua handiagoa bada eskaintzen diren tokiena baino, jendaurreko zozketa egingo da. Interesdunek aurretiko ezaupideak badituzte, berriz, maila proba bat egingo zaie, lehendik dagoen talderen batean sar daitezkeen ikusteko, tokirik badago betiere. Adinaren arabera, astean 45 minututik astean bi ordu eta erdira bitartean irauten dute eskolek.

Berritasunen artean, 4 eta 5 urteko haurrak musikarekin harremanetan jartzeko toki bakar batzuk eskainiko dira. Era berean, helduak eta gazteak musika hizkuntzarekin harremanetan jartzeko taldeak osatzeko aukera izango da.

Instrumentua

Instrumentu askoren artean aukeratu daiteke: pianoa, akordeoia, gitarra, teklatu elektronikoa, gitarra eta baxu elektrikoa, biolina, biola, biolontxeloa, kontrabaxua, perkusioa, panderoa, trikitia, txistua, bonbardinoa, zeharkako flauta, klarinetea, saxofoia, oboea, fagota, tronpa, tronpeta, tronboia eta tuba.

Instrumentu eskolek astean 30 minutu irauten dute, eta bakarka ematen dira. Beraz, ez da beharrezkoa maila probarik egitea. Alabaina, instrumentu gehienek aurretik musika hizkuntzako ezaupideak izatea eskatzen dute.

Taldeak

Ezinbestekoa da instrumentua jotzeko oinarrizko ezaupideak izatea, eta honako hauen artean aukeratu daiteke: banda, big banda, hari orkestra, akordeoi orkestra, gitarra orkestra, teklatu orkestra, pop-rock tailerra eta trikiti taldea. Behin interesdunek izena emanda eta taldeak osatuta, uztailaren 2an, zerrendak eta ordutegiak argitaratuko dira, eta, uztailaren 2tik 15era bitartean, matrikula berretsi beharko da.

Gaur egun, 600 ikasle inguru dabiltza ikastegian musika eta dantza ikasten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude