Enpleguaren XXV. Astea maiatzaren 27an egingo da Ficoban

Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, datorren maiatzaren 27rako Enpleguaren XXV. Astea antolatu dute Ficoban. Ekitaldi horren helburua eskualdeko enpresei kontratazioa erraztea eta enplegu bila dabiltzan pertsonei lanpostu bat aurkitzen laguntzea da. Oraingoan, 28 enpresak hartuko dute parte, eta 90 bat lan-eskaintza eskainiko dira. Horien artean daude, besteak beste, Martiko, Alcad, Hondarribiko paradorea, Uvesco, Caser, Katea Legaia, etab.

Aurten, lanaldia osasun neurrietara egokituko da eta, beraz, parte hartzen duten enpresa guztiek aurretiko hitzorduaren bidez egingo dituzte hautapen prozesuak. Eskatutako baldintzetara hobekien egokitzen diren pertsonak aukeratuko dira eta telefonoz deituko zaie Ficoban elkarrizketa bat egitera joateko.

Horretarako, lan-eskaintzak Bidasoa bizirik-en web orrian (www.bidasoa-activa.com) argitaratu dira, eta maiatzaren 20ra arte egongo dira argitaratuta. Hala ere, eskaintza bakoitzari esleitutako hautagai zerrenda positiboen kupoa osatzen bada, egun hori baino lehen ezabatuko dira.

Elkarrizketetarako hitzordua ematerakoan, Irun eta Hondarribian erroldatutakoek izango dute lehentasuna; horrertarako, jasotako datu guztiak egiaztatuko dira.

Bestalde, azken orduan enpresaren batek Ficobara joaterik ez badu, Bidasoa bizirikeko langileek egingo dituzte elkarrizketak.

Nabarmentzekoa da, enpresez gain, eskualdeko prestakuntza-zentroek eta hirugarren sektoreko hainbat erakundek, aldez aurretik hitzordua eskatuta, informazioa eskainiko dutela beren prestakuntza-espezialitateei buruz (matrikulak, azpiegiturak, irteera profesionalak), programak eta langabeen eskura dituzten enplegu-baliabideei buruz. Atzerriko titulazioen homologazioari buruzko aholkuaritza ere eskainiko da.

Bidasoa bizirik-eko presidente Miguel Ángel Páezek adierazi duenez, Enpleguaren Astea “erabat finkatuta dago gure eskualdean. Urteetan zehar, enpresei eta pertsona askori lagundu die beren enplegu-beharrak betetzen. Horren erakusgarri da enpresa askok urtero errepikatzen dutela. Gainera, orain inoiz baino garrantzitsuagoa iruditzen zitzaigun edizio berri bat antolatzea, batez ere kontuan hartuta langabezian dauden pertsonek lana aurkitzeko zailtasun gehiago dituztela bizi dugun egoera dela eta”.

Bestalde, María Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak gaineratu duenez, “eskualdean enplegua sustatzeko beharrezkoa den ekitaldia da, eta, beraz, ez dugu antolatzeari utzi nahi. Hala ere, jardunaldia segurtasun berme guztiekin egingo da, bai antolatzaileentzat, bai enpresa eta elkarrizketetara datozen pertsonentzat, Ficobak Covid-19aren aurkako segurtasun eta prebentzio protokolo landua eta zehatza baitu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude