Alde Zaharra- San Juan auzo elkarteak Txapelaundi sariarekin saritu ditu Ama Xantalen egoitzako langileak

Alde Zaharra-San Juan auzo elkartea Xantalengo jaiak ospatu ohi ditu abuztuko hilabetearen amaieran. Diana, zendutako auzokideen omenezko meza, hamaiketakoa, danborrada eta beste zenbait ekintzek alaitzen dituzte urteko egun berezi horietan zehar auzoko kaleak. Aurten, ordea, osasun krisialdiaren ondorioz, jaietako egitarau guztia bertan behera gelditu da.

Auzoko jaietan antolatzen diren ekintza gehienak aurrera eramatea ezinezkoa izan bada ere, Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteko kideek ez dute aurtengo Txapelaundi saria banatzeko aukera galdu nahi izan. Hortaz, urte berezia izan denez, elkarteko zuzendaritza batzordeak auzokide bakarra saritu ordez, kolektibo oso bat saritzeko aukera aprobetxatzea erabaki du, hau da, Ama Xantalen Egoitzako langileen lana saritzeko.

“Txapelaundi Saria” 2014ean sortu zen, Irungo Alde Zaharra auzo hobetzeko lan egiten duten auzoko pertsonak aintzat hartzeko. Auzo elkartearen zuzendaritza batzordetik adierazi denez, Txapelaundi sariaren bitartez azken hilabeteetan zehar egoiliarrak zaintzeko egindako lan gogorra goraipatu nahi da errekonozimendu honen bitartez. Izan ere, Txapelaundi saria urtero auzokide ospetsuak, auzokoak maite dituztenak eta auzoarekin zerikusia duten pertsonei aipamen berezia egiteko modua da.

Sari-banaketa
Abuztuaren 22ko eguerdiko 12:00etan antolatu zen Txapelaundi Sariaren banaketa Ama Xantalen egoitzaren lorategian. Nati del Hoyo Ama Xantalen egoitzako zuzendariak egoitzako ordezkari gisa Koldo Susperregui Alde Zaharra-San Juan elkarteko presidentearen eskuetatik jaso zuen saria, segurtasun neurriengatik 10 pertsona baino gutxiagok parte hartu zuten ekitaldi itxi batean. Nati del Hoyok sariak jasotzerakoan azpimarratu duenez, “Ama Xantalen egoitzatik, jaso berri dugun sariaz gainera, azken hilabete gogor hauetan zehar auzo elkartearen partetik jaso dugun laguntza eta babesarengatik eskerrak eman nahi dizkizuegu”.

2020. urtean Xantalen jaietan ohiko bihurtu diren ekin- tza gehienak antolatzea ezinezkoa izan den arren, auzo elkarteak sare sozialen bitartez auzoarentzako bereziak diren egun hauetan zehar jaiekin lotutako edukiak partekatzeko ahalegin berezia egin dute. Adibidez, Txapelaundi Sariaren banaketa ekitaldia zuzenean emititu zuten auzo elkartearen sare sozialen bitartez. Hortaz gain, Xantalengo jaiekin lotutako aitzinako albisteak edo aurreko urteetako jaietako bideoak zabaldu dituzte, datorren urtean jaiak ohiko moduan ospatu ahal izateko esperantzarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude