José Antonio Santano Irungo alkateak adierazi duenez, “Irungo Udalak beharrezkoak izan daitezkeen instalakuntza publikoak prestatuko ditu bertan heziketa eta kirol jarduerak egin ahal izateko”. Dena dela, alkateak salatu duenez, inor ez da udalekin harremanetan jarri aukera hau edo beste batzuk aztertzeko eta iristen zaien informazio guztia hedabideen bitartez jasotzen ari dira.
Abuztuko hilabetearen erdialdean jakinarazi zenez Eusko Jaurlaritza udalek ikasgela gisa egokitu zitzaketen instalakuntzak erabiltzeko aukera aztertzen ari zen, ikastetxeetan ikasgeletan ikasle ratioa murriztu eta pertsonen arteko distantziak errespetatu ahalko direla ziurtatzeko. Eudelek abuztuko hilabetearen amaieran jakinarazi zuenez, udalei eskaera bat bidaliko zaie ikasgela gisa egokitu ditzaketen espazioak zerrendatu ditzaten eta ikasturtearen garapen egokia berma dezaten.
Irungo alkateak zeregin honetan laguntzeko prestutasun osoa erakusteaz gainera azpimarratu du, “lehenbailehen jarraitu beharreko jardunbideak ezagutu nahi ditugu, ezjakintasun egoera honen aurrean udalak eta hiriko familiek nola antolatu ahalko garen jakiteko”. Irunen birusaren zabalpena ekiditeko helburuarekin pertsonen arteko segurtasun distantzia errespetatzeko neurriak, espazio publiko eta pribatuetako edukiera neurri bereziak eta musukoen erabileraren kontrola mantentzen dira.
José Antonio Santanok hiritar gehienak neurri berri hauen aurrean arduraz jokatzen ari direla eskertu nahi izan du, “murriztapenek gure artean erlazionatzeko modua eta ohiturak aldatzera behartzen gaituzten arren, Covid-19aren kontra babesteko ezinbestekoak dira” alkateak azpimarratu duenez.