Gaur aire zabalean egitekoa zen zine emanaldia irailaren 4era atzeratu da

Kultur agendaren barruan, udako aire zabaleko zikloaren azken egunean, Asterix. Edabe magikoaren sekretua filma ematekoa zen gaur, baina, iluntzerako euria iragarri dutela-eta, emanaldia atzeratu behar izan da, eta irailaren 4an izango da, ostirala, 22:00etan.

Aire zabaleko ekintzak, hala nola, zinema hesiz mugatutako esparru batean egingo dira, ikusleen sarrera eta irteerak bereizita, edukieraren kontrolarekin, gel hidroalkoholikoarekin eta maskara derrigorrezkoa izanik. Hain zuzen ere, horrelako jarduerak zuzendu ohi dituzten langileei beste batzuk gehituko zaizkie, jarduerak neurri horiek aurrera eramateko. Sarrera doakoa izango da, baina txartelak banatuko dira sarreretan: ikuskizuna hasi baino 50 minutu lehenago, sarreran jaso ahalko dira. Ateak,
berriz, ikuskizuna hasi baino 30 minutu lehenago zabalduko dira.

Udako kultur agenda aurkeztu zen egunean jakitera eman zenez, horrelako jarduera guztiak antolatzeko, “Jarduera eszenikoari berriz ekiteko jardunbide egokien gidak” espazio eszenikoetara eta kalekoetara joaten diren ikus-entzuleentzat Covid-19aren krisialdiari aurre egiteko jasotzen dituen neurri eta gomendio guztiak betetzen ari dira.

Gaur egun arte, uda honetan, lau filma hauek ikusteko aukera izan da: “Cómo entrenar a tu dragón 3”, Hotel Transylvania, “Regreso al futuro” (Bizinema Bang Bang) eta Yesterday.

Filmaren sinopsia
Zuhaitz batetik bestera mihura bila ari dela, halako batean, Panoramix druida lurrera erori da. Han etzanda hausnartzen hasi da. Orkatila bat bihurritu du, baina askoz okerragoa izan zitekeen! Berak ezin balu, nork prestatuko luke neurrigabeko indarra ematen duen edabe magiko garrantzitsua? Asterixek eta Obelixek lagunduta, Galia osoan zehar bidaiatuko du druida trebe baten bila, hari edabe magikoaren errezetaren sekretua helarazteko asmoz, bere herrixkaren etorkizuna ziurtatzearren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude