2020. urteko Behobia-Donostia lasterketa bertan behera geratu da

Fortuna Kirol Elkarteak jakinarazi duenez 2020ko Behobia-Donostia lasterketa bertan behera geratu da. Proba azaroaren 8an egiteko zen. Lasterketa momentuko osasun krisialdira egokitzeko plan ezberdinak aztertu diren arren, azkenean, kirol proba bertan behera uzteko erabakia hartu da.

Fortuna Kirol Elkartetik adierazi dutenez, Behobia-Donostia lasterketaren antolakuntzarentzat funtsezkoa da Behobia osatzen dute pertsona guztien segurtasuna bermatzea: partaideak, boluntarioak, osasun langileak… baita festa bilakatzen duten ikusleena ere. Antolatzaileen hitzetan, momentu honetan pertsona horiek guztientzat inguru erabat segurua bermatzea haien ahalmenetik kanpo dago.

Hortaz, egoera honetan proban jada izen emanda zuten pertsonei zenbait aukerak eskaintzen zaizkie. Izen ematea 2021eko azaroaren 14ean edo 2022ko azaroaren 13an egingo den lasterketarako uztea. Bestela, izen ematearen salneurria bueltatzea, gehienez, 18 hilabeteko epean (kudeaketa gastuen 6 euro kenduta). Azken aukera, izen ematearen kopuru osoa edo zati bat dohaintzan ematea Fortuna Kirol Elkarteari. Hurrengo egunetan zehar aukeraketa egiteko galdetegi bat bidaliko zaie e-postaz lasterketan izena emanda zuten pertsonei.

Hiru aukeretako zeinen alde egiten den jakinarazteko epea irailaren 30an amaituko da. Galdetegiari erantzunik jaso ez badugu, izen ematea zuzenean gordeko dugu 2021eko lasterketarako. Izen ematea ondorengo edizio baterako gordetzen dutenei, hurrengo egunetan Behobia Birtualerako 10 euroko deskontua bidaliko zaie e-postaz.

Fortuna Kirol Elkartetik zabaldutako adierazpen ofizialean antolakuntzak adierazi duenez , “badakigu kirola egitea onuragarria dela, horregatik, berme guztiekin egiten jarraitzera animatzen zaituztegu, datorren urtean berriro goza dezagun gustuko dugun moduan”. Adierazpenaren azken atalean irakur daitekeenez, “gure nahia uneoro izan da eta da Behobia-Donostiako motorra zaretenoi ahalik eta eragozpen gutxien eragitea. Zuen babesa orain funtsezkoa izango da”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude