Egun batez Behobia eta Donostia hurbiltzen dituen lasterketa

Eguraldiak lagundu ez zuen arren, azaroaren 10ean Behobia Donostia lasterketaren 55. edizioa egin zen. Izena emandako 33.341 pertsonetatik 27.070 korrilari ausartu ziren auzo irundarra eta hiriburua banatzen dituzten 21 kilometroak zeharkatzera. Emakumezkoen parte hartzean errekor berria ezarri zen %25,35-eko datua lortu ostean.

Probak 100 urte bete ditu 2019 urte honetan, historian probaren antolaketan eten ezberdinak izan ondoren. Gizonezkoetan, Chakib Lachgar izan zen Bulevardeko helmuga zapaltzen lehena 1:01:00-eko denbora egin ostean, 4 segundotara Iraitz Arrospide eta hirugarren tokian 13 segundotako aldearekin Ivan Fernandez sartu zirelarik. Emakumezkoetan Gema Barrachinak urrezko domina bere egin zuen 1:11:38-ko denbora lortu ostean, bigarren tokian Diana Martin 14 segundotara eta hirugarrenean Gisela Carrion 23 segundoko aldearekin utzi ostean. Roller kategoriak Aitor Vacas eta Nere Carrera izan dira.

Esperientzia pertsonalena
Iker Velasco kirolariak 55. Behobia-Donostia lasterketako bizipenak kontatu ditu bere blog pertsonalean. Bere 15. Behobia-Donostia lasterketa izan da eta marka on bat lortzeko helburuarekin hilabete lehenago Burgoseko maratoian parte hartu duen. Eguraldi txarra alde batera utzita, Arbes Korrika taldearekin elkartu zen lasterketan parte hartzeko. Bigarren mutilen taldean irteera atzean utzi ostean, lehen kilometroetan eroso korrika egiteko zailtasunak izan zituen jende kopuru handiarengatik. Hala ere, hirian zehar egindako lehen kilometroak bereziak izan ziren senide eta lagunak agurtuz.

Iker Velasco, goiko aldean bigarrena eskubitik hasita.

Gaintxurizketako erronkari sasoi onean aurre egin ondoren, Errenteriara iritsi eta zapatilaren lokarria askatu arren, helmugara arte gelditu gabe korrika jarraitzeko erabakia hartu zuen Iker Velascok. Ezustekoari aurre egin eta lasterketako azken 5 kilometroetan dena eman zuen. Azkenik, helmugara 1:13:27-ko denborarekin iritsi eta lasterketan inoizko markarik onena lortu zuen.

Lasterketaren azoka
Azaroaren 8 eta 9an Ficoban Behobia-Donostia lasterketaren azokaren XIII. edizioa antolatu zen. Hirian antolatzen den lasterketaren bigarren azoka izan da, joan den urtean azokaren antolaketa Donostiatik Irunera lekualdatu ostean. Azokan lasterketako dortsala eskuratzeaz gainera, erakusketa, saltokiak, hitzaldiak eta bestelako ekintzetan parte hartzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.

Lasterketatik haratago
Azokak eta lasterketak berak eskualdera ekarritako jendea aprobetxatuz, hainbat ekintza antolatu ziren azaroaren 9ko larunbaterako. Hala nola, Txorimaloak soinu taldearen trikitixa eta batukadak, Ondare elkartearen erraldoi eta buruhandiak, Bizinema Bang Bang-en emanaldia eta Deabru Beltzen “Les Tambours de Feu” ikuskizuna. Eguraldi txarraren ondorioz kaleko ikuskizunak bertan behera gelditu ziren, baina, bisitariek “Pintxotan Irunen barrena!” ekimenaz eta hiriko dendentako eta Oiasso Museoak lasterketaren harira eskainitako deskontu bereziez gozatzeko aukera izan zuten.

Hauteskundeen eragina
Hauteskunde Orokorrak Behobia-Donsotiaren egun berean egingo zirela jakin zenetik Irun zein Donostiako herritarren boto eskubidea bermatzeko plana martxan jarri zen. Honela, Irungo Hizkuntza Eskolan, Luis Mariano Gizarte Zentroa, Pio Baroja institutuan eta Elatzeta ikastetxean bozkatu behar zuten hiritarren pasabidea errazteko “bypass” izeneko igarobideak prestatu ziren.

 

 

                                                                                                              

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude