Iraia Oskila igeriketa praktikatzen hasi bazen ere, kirola ikasketekin uztartzeko zailtasunak topatu zituenean, waterpoloa probatzea erabaki zuen orain dela 6 urte. Egun, klubeko jubenil eta senior kategorietan jokatzen du eta bere taldeekin batera garaipen berriak eskuratzen jarraitzeko irriketan dago.
Erraza da aldi berean bi kategorietan aritzea?
Seniorretan partiduak astebururo jolasten ditugu eta, jubeniletako partiduak, berriz, hilabetean behin izan ohi ditugu gutxi gorabehera, kategoria horretan talde gutxiago daudelako.
“Momentu honetan ligako 5. edo 6. postuan gabiltza”
Pozik zaudete aurten lortzen ari zareten emaitzekin?
Entrenatzaile aldaketaren ostean ondo moldatzen ari garela uste dut. Partidu batzuk irabazi eta beste batzuetan galtzen ditugun arren, momentu honetan ligako 5. edo 6. postuan gabiltza. Gainera, taldekideekin koordinatzea eta kirolean gustura aritzeak zer-nolako garrantzia daukan ikasten ari gara.
Denboraldia zein postuan amaitzea espero duzue?
Hasieran lehen eta seigarren sailkatuen artean egoteko nahia genuen, horrela, lehen taldean sartu eta Espainia mailako igoera-fasean sartzeko aukera izateko. Fase horretan 3 aldiz egon gara eta aurten errepikatzea gustatuko litzaiguke. Hala ere, talde gaztea daukagu eta zailagoa da beste taldeen maila lortzea, beste taldeetan beterano gehiago daude eta.
Zeintzuk dira zuen taldearen indar-guneak?
Taldekide guztiek igeriketa eta erresistentzia ondo menperatzen dugula uste dut. Dena dela, kiroltasunez jokatzea da garrantzitsuena nire ustez, taldekide guztien artean ondo ulertu eta pase onak egin ahal izateko.
Zein entrenamendu errutina jarraitzen duzue?
Aste osoan zehar entrenatzen dugu eta partiduak asteburuetan jokatzen ditugu. Astelehen, asteazken eta ostiraletan entrenamenduak igerileku barruan egiten ditugu, igeriketa eta baloi-teknikak lantzeko. Astearte eta ostegunetan, berriz, entrenamendu fisikoa egin ostean, urtetan sartzen gara bertan jokaldiak prestatzeko.
“Taldekide guztiek igeriketa eta erresistentzia ondo menperatzen dugula uste dut”
Waterpoloan jolasterako orduan neska eta mutilen arteko alde handia dago?
Infantil eta kadete kategorietan talde mistoetan jolasteko aukera dago. Jubeniletan, berriz, kirolariak bereizten dira, mutil zein neskak nerabezaroan sartzerakoan bien arteko aldeak nabariagoak direlako.
Beste kirol batzuekin alderatuta, zergatik da waterpoloa kirol ezezagunagoa?
Urtetan zehar komunikabideetan waterpoloari ez zaio tratamendu egokia eman eta, ondorioz, ez da jende guztiarengana iritsi. Nik uste dut jendea kirola ikusi edo praktikatzera animatuko balitz, waterpoloa mundu osoan zehar garrantzi gehiago izatera iritsiko litzatekeela.
Zu zeu edo zure taldekoren bat etorkizunean maila profesionalean jokatzen ikusten duzu?
Galdera zaila da. Urte hauetan zehar kirola praktikatzen ikasi dudan arren, oso zaila ikusten dut maila profesionalera iritsi ahal izatea, esfortzu handia eskatzen baitu horrek. Gainera, zaila da waterpoloarekin bakarrik bizitzeko adina dirua irabaztea, jarraitzaile gutxi daukan kirola dela kontutan hartuta.Hala ere, nire taldean maila profesional batera iritsi ahal izateko aukera handiak dauzkan jendea dagoela uste dut.