Jon Azkue, Bidasoa Iruneko jokalaria: “Oso zaila da Bidasoari helburu batzuk jartzea”

Udara bukatzear dago eta Irungo Bidasoa eskubaloi taldea denboraldi berriari aurre egiteko prestatzen hasi da jada. Denboraldi berezia izango da, taldea Europan jokatzera itzuliko baita. Denboraldi aurreko lanak eta entrenamenduak era sakonean azaldu ditu Jon Azkue jokalari oriotarrak.

Nola daukazu sorbaldako lesioa?
Egia esan nahiko ondo, aurre-denboraldiko lehen egunetik taldearekin batera entrenatzen ari naiz. Hasieran gogorregi hasi nintzen eta hori kontrolatu behar izan dugu, baina, azken bi edo hiru asteetan ondo ibili naiz,bi partiduak jokatu ahal izan ditut eta gustora ibili naiz.

Nola ikusi duzu taldea aurre-denboraldian?
Nik oso ondo ikusten dut taldea, azken finean, lehengo urteko jende berdina gara eta elkarren artean oso ondo ezagutzen gara gainera. Aurre-denboraldian zehar egindako lanaren bitartez berriro indarra berreskuratzen saiatu gara, lehen geneukan maila lehenbailen lortzeko. Helburu hori azkar lortu dugu, beraz, hemendik aurrerako lana hobetzen joateko izango da.

Aurreko talde berdina mantentzea abantaila izan daiteke?
Bai, taldearen oinarria jada eginda daukagu, beraz, ez gara zerotik hasi behar, beste taldeetako aurre-denboraldietan gerta daitekeen bezala. Orain, oinarri horretatik abiatu eta lanean jarraitzea tokatzen da.

Taldea denboraldi berria hasteko gogotsu dago?
Bai, Championsen parte hartuko genuela jakin genuen momentutik bakoitza udako oporrak igaro eta berriro entrenatzen hasteko irriketan zegoela pentsatzen dut. Egian jokatutako lehen txapelketako partiduei aurre egiteko gogotsu geunden, oso txapelketa polita izan da. Bertan ondo jokatu dugu, nahiz eta finala galdu. Egian jokatutako aurre-denboraldiko txapelketatik gauza positiboak ateratzeko aukera dugula uste dut begirada Leonen jarrita.

Bidasoarekin bederatzi denboraldi betetzen dituzunez, urte berezia da zuretzat?
Bai, atzean urte zailak izan ditugun arren, azken hiru urteetan Asobalen kontsolidatzea lortu dugu eta Championsean jokatzeko aukera sari bezala hartuko dugu.

Oriotarra izan arren jada Bidasoako familiako kide zarela sentitzen duzu?
Taldea pixkanaka goraka joango zelaren konfidantza izan dut beti eta, zorte kontuarengatik eto taldea aurrera ateratzeko lan egin dugunei esker begira zein sari lortu dugun. Gustora nago orain arte hartutako erabakiekin.

Herrian zein klubaren barnean Bidasoa lehen zeukan maila berreskuratzen ari duela nabaritzen duzue?
Bai, ni iritsi nintzenean klubaren egoera oso zaila zen eta masa soziala nahiko pobrea bazen ere, azken urteetan zelako goraka izan duen ikusi dugu. Artaleku astero bete egiten da, klubaren barnean lan egiteko modua ere aldatu da eta eliteko talde baten antzera funtzionatzen dugu orain. Orain dela lau urte zeinek esango zigun joan den urtean Asobaleko finala jokatuko genuela edo orain Championsean egongo ginela.

Taldea indartsu mantentzeko harrobiak garrantzi handi izango du ezta?
Bai, azken urteetan hori ahaztuta egon dela dirudien arren, orain berriro Euskadi mailako jokalari gazte onenak gurera ekarri eta gurekin entrenatzeko ohitura berreskuratzen ari da. Guretzat zein haientzat oso erabaki positiboa da honelako gauzak antolatzea, biok irabazten dugu eta.

Aurre-denboraldian Ordiziako Rugby taldearekn entrenatu duzue ere?
Bai, entrenamendu ezberdinak dira, baina, Rugbyaren kasuan, jokoan antzekotasun batzuk dauzkagu. Joko modura hartu genuen arren, entrenatzeko aprobetxatu genuen, jende eta kirol berriak ezagutzen genituen bitartean.

Zeintzuk dira Bidasoaren helburuak aurten?
Oso zaila da Bidasoari helburu batzuk jartzea. Bidasoak Asobal ligan, kontutan hartuta Championsa tartean dagoela, zaila izango da aurreko urteko emaitzak errepikatzea. Hala ere, ahalik eta postu onena lortzen saiatuko gara beti bezala, lehenengo buelta igaro eta bigarrenean gora egiteko.

Eta pertsonalki, zeintzuk dira zure helburuak?
Urtero bezala, disfrutatzen saiatu, horrela, jokurik onena atera dadin eta taldeari ahalik eta gehien laguntzea. Azkenean, jokalari bakoitzak helburu pertsonal hori izan behar duela uste dut talde onena lortzeko.

Zein mezu bidaliko zenieke Bidasoako zaleei denboraldi berri honetarako?
Gure eskutan dagoen guztia egingo dugu azken urteetan bezala gure alboan egongo direla pentsatu eta ea guk bezain beste disfrutatzen duten.

 

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude