Irun Zuzenean jaialdiak Urdanibia plaza musikaz beteko du irailaren 28an

Irun Zuzenean jaialdiak Urdanibia plaza musikaz beteko du irailaren 28an zehar. Jaialdi honek musika, kultura eta jardunaldi ugari uztartuko ditu, kartel-buruak zein bertako taldeak oholtza gainera igoko dituelarik.

Irun Zuzenean jaialdia aurretik Irunen egin izan diren antzeko beste jaialdien oinordeko izango da. Zentzu horretan, formatu zabala izango duen jaialdia izango da, egun osoa jarduera ezberdinez beteko delarik katel-buruek zein bertako taldeek eskainiko dituzten kontzertuekin.

Juncal Eizaguirre, Kultura ordezkariaren hitzetan, “Irun Zuzenean 2019 beste urrats bat da, beste esperientzia bat Irunen zuzeneko musikarekin dugun apustu garbian”. Horrela, kanpoko taldeei Irun bisitatzera hurbildu eta, modu berean, bertako taldeei kontzertuak eskaintzeko aukera eman nahi zaiela gaineratu du Irungo Udaleko kultura ordezkariak.

Aurreko urteetan antolatu izan diren jaialdi eta antzeko ezaugarriak izan dituzten musika ekimenekin alderatuta, Irun Zuzenean jaialdiaren antolaketarako bideratutako aurrekontua bikoiztuko du, aurtengo zenbatekoa 40.000 euro ingurukoa izango baita. Juncal Eizaguirrek azaldu bezala, “formaturik onena bilatzen ari gara, erakargarriena, gure jendearen nahiei erantzungo diena, eta ziur naiz aurtengo hitzorduak jende asko gogobeteko duela”.

Bestetik, era askotariko musikaz gozatzeko aukeraz gain, bestelako jarduera osagarriak antolatuko dira, adibidez, artisautza azoka txiki bat. Azokan parte hartu ahal izateko izen-ematea dohakoa izango da, eta “Merca Daba Dillo” (https://www.mercadabadillo.com/) webgunean azoka honen inguruko xehetasunen berri izateko aukera izango da laster.

Antolakuntza berria
Aurtengo jaialdiaren antolakuntza lehiaketa publiko baten bidez esleitu da, eta 4 enpresa aurkeztu ziren jaialdearen esleipenerako lehiaketara, guztiak, sektorean esperientzia handikoak. Tokiko Gobernu Batzarrak uztailaren 24ko bilkuran esleitu zuen kontratua. Kontratu berri honek 2 urteko iraupena izango du, eta, horren ostean, beste bi urte luzatzeko aukera egongo da.
Guajira Sicodélica SL enpresak irabazi du lehiaketa, eta bera arduratuko da 2019ko jaialdia antolatzeaz. Esperientzia handia du egiaztatua, eta, besteak beste, Dabadaba aretoa kudeatzen du Donostiako Egia auzoan, Dabadaba Beach Ondarretan edo Alabortza Kantina Pasai Donibanen. Gainera, gure inguruko musika-ekitaldi ugaritan laguntzen du. Azkenekoa Glad is The Day jaialdiaren bosgarren edizioa izan da, abuztuaren 4an egin zena. 10.000 lagun eraman zituen Donostiako Cristina Enea parkera.

Oraintxe bertan, irailaren 28ko xehetasun guztiak ixten ari dira, eta abuztuaren amaieran emango dira jakitera. Azken batean, kulturako ordezkariak ziurtatu duenez, “Udalak zuzeneko musika onenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Gainera, esan daiteke irailean musika-sorpresa gehiago ere izango direla eta aurki iragarriko direla”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude