Uranzu frontoiak ekintzez beterik amaituko du 2019 urtea. Urte honen erdialdean amaitu ziren frontoiaren birmoldaketa lanak eta sanmartzial jaiak igaro ostean, uztailaren 1ean, Uranzu frontoiko ateak zabaldu ziren aro berri bati ongietorria emateko. Bi kirol ekintzekin bukatuko da urtea, hain zuzen ere, abenduaren 20ean jokatuko den pelota partidu profesionalarekin eta abenduaren 21erako antolatu den Santo Tomas Futbito Txapelketarekin.
Binakako txapelketa
Binakako Txapelketa Profesionala Irungo Uranzu frontoian estreinatuko da abenduaren 20ean. Arratsaldeko 20:00etan hasiko da lehen partidua eta Arteaga II. eta Urretabizkaiak osatutako bikotea Zabala eta Ruizen aurka indarrak neurtuko dituzte Binakako Promozioko Txapelketaren barruan. Ondoren, eguneko hitzordu nagusian, Olaizola II. eta Urrutikoetxea bikotea Jaka eta Zabaletaren kontra arituko dira Binakako Txapelketa Nagusian. Borja Olazabal udal kirol ordezkariak azaldu duenez, “ez da edonolako partidua izango, izan ere, Uranzu frontoiaren birmoldaketaren ostean bertan jokatuko den lehen binakako txapelketa izango da”.
Uranzu frontoiko pilota partidua ikusteko sarrerak “Entradas Fronton” webgunen erosi ahalko dira. Hortaz gain, partiduaren egunean bertan sarrerak frontoiko leihatilan bertan lortu ahalko dira. Sarrerek 25 eta 30 euro arteko prezioa izango dute. Uranzu frontoian jokatuko den Binakako Txapelketa Profesionala ETB1 telebista-kanalean ikusi ahalko da gaueko 22:00etatik aurrera.
Binakako partiduari dagokionez, Borja Olazabal kirol ordezkariak azaldu du data dela kirol hitzorduko nobedadeetako bat. Izan ere, hitzordua ohi baino lehenago izango da eta Santo Tomas egunaren bezperan jokatuko da, Gabonetan murgildu aurretik.
Santo Tomas Futbito Txapelketa
Binakako txapelketaren hurrengo egunean, abenduaren 21ean, Santo Tomas Futbito Txapelketarekin beteko da Uranzu frontoia. Duela 25 urte antolatu zen txapelketa honen azken partidua eta, data esanguratsu hau aprobe-txatuz, txapelketaren antolaketa berreskuratzea erabaki da. Txapelketan parte hartu ahal izateko izen-ematea abenduaren 13an itxi zen eta abenduaren 16an egin zen zozketa publikoa. Hala ere, txapelketaren egunean Uranzu frontoira hurbildu eta harmailetatik partiduaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek.
Abenduaren 21eko egun osoa hartuko du txapelketak, izan ere, goizeko 9:00etan hasi eta arratsaldeko 19:00ak arte jokatuko dira txapelketaren barneko partidu ezberdinak. Zentzu horretan, 80. eta 90. hamarkadan gertatu bezala, futbito txapelketaz gainera, egoera bidegabean dauden euskal presoen baldintzak salatzeko ekitaldia izango da. Izan ere, badira urte batzuk Euskal Herriko egoera politikoa aldatu zela, presoen gaian aurrerapauso nabarmenik eman gabe. Horrela, txapelketaren bitartez presoen eskubideak aldarrikatu nahi dira “Korapiloak askatzeko unea da. Orain presoak!” leloarekin azaroaren 29an Irungo Udalak ia aho batez onartutako mozioa aprobetxatzeko.
Txapelketa berreskuratzeko gizarteak ekimenarekiko erakutsitako babesa ezinbestekoa izan da. Izan ere, norbanako eta pertsonalitate ezberdinez gain, hiriko komertzio, taberna eta jatetxe askok txapelketa aurrera eramateko babesa eman dute eta haiei esker parte-har-tzaileen artean sari ederrak banatuko dira. Hortaz gain, kirol patronatuko langile eta teknikarien laguntza jaso du antolakuntzak.
Santo Tomas Futbito Txapelketa iraganean ibilbide luzea izandako kirol ekitaldia izan da. Aurten, berrikuntza gisa, antolakuntzak “Santo Tomas saria” ematea erabaki du eta, aho batez, Irungo Harrera Sareak jasoko du aurtego sari berezia, sareak hirira iristen diren migratzaileak laguntzeko egindako lana saritzeko.