Txingudi Errugbi Klubak 50. urteurrena ospatuko du 2019 urtean zehar

Txingudi Errugbi Klubak klubaren 50. urteurrena ospatuko du 2019 urtean zehar. Urteurren berezia ospatzeko helburu eta jarduera berezi batzuk prestatu ditu klubak. Horrela, 2019 urtean zehar eskualdean errugbiak presentzia berezia edukitzea bilatu nahi da.

Urtarrilaren 28an Txingudi Errugbi Klubaren Egoitzan urtemuga ospatzeko antolatu diren jarduerak aurkeztu ziren. Jarduerak aurkezteaz gain, 50 urteak ospatzeko sortu den klubaren ezkutu berria aurkeztu zen ere. Antolatutako jardueren bitartez Errugbiak Bidasoako eskualdean presentzia nabariagoa izatea bilatu nahi da 2019 urtean zehar. Iñaki Alberdi klubeko presidenteak adierazi du, “duela 50 urte lagun talde bat elkartu, baloi bat erosi eta errugbira jolasten hasi ginen”.

Hortaz gain 50 urteetan zehar egindako lana hurbildu eta ezagutarazi nahi da. Horretarako, “50 urte Eerrugbiari emanak Bidasoa eskualdean” izenaren azpian bi erakusketa antolatuko dira, bata, Irungo Amaia Kultur Zentroan ekainaren 14tik uztailaren 7ra, eta, bestea, Hondarribiko Arma Plazako erakusgelan urriko bigarren hamabostaldian. Gainera, urtemugaren inguruko sustapen bideoa aurkeztuko da ekainaren 14ean Irungo erakusketan. Abuztuko hilabetean zehar, 50. urtemugaren kamiseta aurkeztuko da hurrengo denboraldirako. Data zehaztea falta bada ere, bazkide fundatzaileak omentzeko ohorezko afaria antolatu nahi da ere.

“Duela 50 urte lagun talde bat elkartu, baloi bat erosi eta errugbira jolasten hasi ginen”

Iñaki Alberdi, klubeko presidentea

Horretarako, Irungo eta Hondarribiko herritar, erakunde, enpresa eta komertzio guztien parte-hartzea bultzatu nahi da. Horrela, martxoan Komertzioen Mapa bat eratu nahi da, eskualdeko 50 denda bildu eta erakusleihoak era berezian apaintzea lortu nahi da. Bestetik, Taberna Mapa eratu nahi da ere, errugbi partiduak tabernetan ikusi eta Nazioarteko VI. Txapelketa eta Japoneko Errugbi Mundialaz gozatu ahal izateko.

Kirol jarduerak
Urteurrena ospatzeko zenbait kirol jarduera antolatu dira. Martxoaren 30ean Txingudiko Beteranoen Errugbi Touch Txapelketa antolatuko da. Oraindik data konfirmatzea falta bada ere, Nazioarteko Zazpiko Errugbi Txapelketa eta “Zazpiak bat” Emakumeen Errugbi Txapelketak eskualdean ospatzeko asmoa dago.

Ekainaren 15ean Irunen Txingudi Errugbi Klubaren Eguna ospatuko da errugbi kalejira, umeentzako puzgarriak, jokoak eta kontzertuekin. Hondarribian klubaren eguna irailaren 14an ospatuko da, jaien ostean, errugbi poteoa, kalejira eta Ardoran egingo den bazkariarekin.

Irungo udalak Igande Sasoi bat errugbiaren inguruan antolatzeko aukera eman die, oraindik data zehaztea falta den arren.Gainera, Hondarribian uztailaren 20ean IV. Hondarribia Beach Errugbi Txapelketa egingo da, ohiturak mantenduz, urte berezi hau ospatzen jarraitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude