Udaleku bereziak antolatu ditu Jaizubia Hipikak

Uztailean eta abuztuan, udalekuetan parte hartzea ohiko jarduera izaten da haur gehienentzat. Eskaintza zabala da. Asko udaleku arruntak izaten dira, baina badaude adibide bereziak ere. Irunen, Jaizubia Hipika Elkarteak Zaldiketa Udalekuak antolatzen ditu. Zaldiz ibiltzeaz eta ekitazioaren mundua ezagutzeaz gain, bereziki urarekin lotutako bestelako aktibitateekin gozatzen dute haurrek. Zazpi urtetik gorakoak hartzen dituzte.

hipika-9

Udako ikastaro soila eskaini beharrean, udalekuak antolatzea erabaki zuten Jaizubia Hipika Elkarteko kideek, 2010ean. Horretarako, Txiribuelta aisialdi elkartearekin jarri ziren harremanetan. Emankorra izan zen kontaktua. Aurten seigarren aldiz antolatu dituzte Zaldiketa Udalekuak. “Beste leku batzuetan egiten ziren horrelako udalekuak. Añezkarren, Nafarroan, esate baterako. Guk eredu berdinari jarraitu genion”, gogoratu du José Luis Gamarra Jaizubia Hipikako presidenteak.
Ekainaren 21etik abuztuaren 29ra egingo dituzte udalekuak, aste beteko txandetan banatuta. Inguruko haurrentzat, badago soilik eguneko jardueretan parte hartzeko aukera. Zalditegian bertan lo egiten dutenek, egurrezko etxola batean hartuko dute ostatu. Otorduak, zalditegiko tabernan egingo dituzte. “Dieta osasuntsua prestatzen ahalegintzen gara, haurrek ohitura onak barnera ditzaten”, baieztatu du Berta Miranda tabernako arduradunak. Zaldian ere aritzen da irundarra.
Eskualdetik kanpoko haurrak dira, batez ere, bigarren aukera hautatzen dutenak. Batzuk ingurukoak izaten dira, baina urrutitik ere iristen dira: Huescatik, Zaragozatik edo Madrildik. Mirandak azpimarratu du Iparraldeko haurrak erakartzen saiatzen direla: “Hizkuntzaren aldetik udaleku aberatsak dira. Hizkuntzak lantzeko aukera ematen dute”. Helburu hori betetzeko, ahalegin handia egiten dute publizitatean, Zaldiketa Udalekuen proposamena ahalik eta gehien zabaltzeko.

hipiki8-9
Hipika baino gehiago
Goizetan egiten dituzte ekitazioarekin lotutako jarduerak. Erritmo ezberdinean lan egin ahal izateko, taldeak mailaren arabera banatzen dituztela argitu du Xabi Berrotaran Jaizubiako monitoreak. “Badago jendea sekula zaldian ibili ez dena. Horiekin hastapen klaseak egiten ditugu”. Maila handiagoa dutenekin, Galopeen azterketak egiteko aukera ematen dute. Hipikako mailak dira Galopeak. Zaldiekiko errespetua eta segurtasun neurriak ere lantzen dituzte.
Arratsaldetan, zalditegiko eremutik kanpo irteten dira haurrak, Txiribueltako begiraleen lagun-tzaz. Jaizubiaren kokapena baliatuta, itsaso aldera jotzen dute gehienetan, surfa, stand up paddle-a, hondartzako jolasak, edo itsasontzian ibilbideak egiteko. “Barnealdetik etortzen diren haurrek asko estimatzen dituzte jarduera horiek”, adierazi du Berrotaranek. Uretan sartzeko eguraldirik egiten ez duenean, Aquariumera, Hipodromora edo Rokodromora joaten dira. Afal ondoren gaubela izaten dute, jolasekin, antzerkiarekin edo ipuin kontaketarekin. Aspertzeko denbora gutxi izango dute Zaldiketa Udalekuetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude