Kirola eta giro ona nagusi San Silvestrean

1.850 korrikalari elkartu ditu aurten Hondarribiko kaleak zeharkatzen dituen lasterketak. IV. edizioaren irabazlea Ion Garraus izan da, eta emakumezkoetan, berriz, Claudia Behobide hondarribiarra. Gero eta jende gehiago erakartzen duen proba honetan bildutako dirua FEDER Gipuzkoako Gaixotasun Arraroen Federaziora zuzenduko da

emakume podium3007

Urtero legez, arratsaldeko 16:30ean eman zioten hasiera korrikalariek Hondarribiko IV. San Silvestre solidarioari. 2010ean eman zituen lehendabiziko urratsak 6,2 kilometroko lasterketa honek. Lehendabiziko edizio hark 540 parte-hartzaile elkartu zituen. Urtetik urtera, lasterkari kopuruak gora egin du etengabe eta, aurten, 1850 korrikalari elkartu dira Zuloaga kaleko irteera lerroan. Bertan, alaitasuna eta giro ona nagusi izan dira une oro, batukada baten erritmo alai eta itsaskorrei ezker.
Lasterketa hasteko zain dauden korrikalarien artean, 18 urteko Igor dago. “Urteko azkeneko lasterketa da eta bertako giroa bikaina da. Mozorrotutako jende ugari dago eta oso entretenigarria da. Gainera, proba motza da eta nahiz eta asko ez entrenatu nahiko erraz bukatu dezakezu”. Zuloaga kaleko lasterketa irteeran ere, Jon eta Mikel anaiak aurkitzen ditugu. “2013ari agur esateko modu osasuntsua da. Gainera, lagun koadrila osoa parte hartzen dugu eta lehia pixkat izan ohi da”, dio aurtengoa hirugarren San Silvestrea duen Jonek. Mikelen-tzat, ordea, aurtengoa bigarren urtea da eta bere helburu nagusia da iazko denbora hobetzea. “Lagun batekin daukadan lehia txikia irabazi nahiko nuke. Horretaz gain, iaz mozorrotuta eta lasai-lasai atera ziren eta irabazi ninduten bi lagunak gainditzea da nire erronka”.

gizonezkoen podiuma_3017
Iñakik eta Koldok ere gogoko dute urteko azkeneko lasterketa hau. “Giroa bikaina da, jende ezagun ugari dago eta 2013ari agur esateko modu erabat osasuntsua da”.
Puntualtasun britainarrez, hasiera eman zioten antolatzaileek. Emakumezkoak, gizonezkoak, mozorrotutako korrikalariak eta txikitxoren bat ere Hondartza kiroldegira zuzendu ziren, eta handik espigoira. Kirol portua, Butron eta Bidasoa Pasealekuak eta Puntala izan ziren zeharkatutako beste toki esanguratsuak. Hortik Kale Nagusira iritsi ziren korrikalariak.
Kale Nagusia puntu esanguratsua da. Santa Mariako arkua zeharkatzen duten korrikalariek azken indarrak egin behar dituzte aldapako galtzada-harri malkartsuei aurre egiteko. Bertan elkartzen diren ikusleen txalo eta oihuek parte-hartzaileei igotzeko behar duten kemena ematen diete. Aldapan Elisa aurkitzen dugu. Aurten, lehendabiziko aldiz, parte hartzekoa zen. Lanak, ordea, asmoak zapuztu dizkio. “Behintzat ikusteko aukera izan dut. Ezagunak eta lagunak korrika ikustean pena ematen dit parte hartu ezin izanak. Hala ere, espaloitik animatzea ere esperientzia polita da”.

lagun taldeaG_2943
Kale Nagusia zeharkatu ondoren, Javier Ugarte kalea jaitsiz helmugara iritsi da lasterketa. Bertan, neke eta poztasun aurpegiak dira nagusi. Koldok bere denbora hobetzea lortu du. “Oso pozik nago, 27 minututik behera ibiltzea baitzen nire erronka eta denbora hori bi minutuz jaistea lortu dut”. Aurtengo podiumari dagokionez, gizonezkoetan, Ion Garraus izan da lehendabizikoa. Gonzalo Carriónek bigarren postua lortu du eta Iñigo Dumasek, berriz, hirugarrena. Emakumezkoetan, Claudia Behobide izan da azkarrena. Itxaso Escondrillasek eta Aratz Rodriguezek bigarren eta hirugarren postuak lortu dituzte, ondoz ondo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude