GazteARTEan zerbitzuak ‘IrunGoSkateFest’ aurkeztu du, skate kultura hirian ezagutarazteko

Irungo Udalak, GazteARTEan zerbitzuaren bitartez, IrunGoSkateFest proiektua aurkeztu du gaur, astelehena, azaroak 23, hirian eta Bidasoaldean skateboardingaren kultura berreskuratu, indarberritu eta herritar guztiei ezagutarazteko helburuarekin. Asier Fagoagak eta Aritz Irazokik bultzatutako ekimena da, eta Irungo Udalarekin elkarlanean, azaroaren 26tik urtarrilaren 9ra bitartean erakusketa bat jarriko dute ikusgai CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroan.

Kirol alderdiaz harago, egitasmoak skatearen inguruan sortutako artea, musika, argazkigintza, sormena eta elkarbizitza plazaratu nahi ditu, hamarkadetan zehar eskualdeko identitate urbanoaren parte izan den mugimenduari balioa emanez.

GKo Gallery estudioko Garikoitz Muruak komisariatutako erakusketak eskualdean skatearen inguruan sortutako enpresa aitzindarien historia jasotzen du; hala nola Irunen jaiotako Sancheski —Espainian patentatutako lehen monopatinaren fabrikatzailea— eta 2001ean sortu eta gerora sektoreko estatuko enpresa nagusietako bat bilakatu den Jart Skateboards (egungo HLC Distribution). Horrez gain, Asier Fagoaga eta Pablo Riberaren argazkiak, Bartzelonako SNT4EVER elkartearen lana, fanzineen gunea, skateak muntatzeko tresnak eta Pablo Riberak DAB PRODUCTIONS zigilupean grabatutako bideoak biltzen dituen videowall bat egongo dira. Erakusketak alderdi praktikoa ere izango du: aretoan arrapala eta oztopodun patinatzeko gune txiki bat muntatuko da, eta «haur txokoa» izeneko pertsonalizazio-lantegian haurrek skate oholak apaindu ahal izango dituzte, ondoren horietako bat erakusketan bertan ikusgai jartzeko.

Proiektuari hasiera emateko, hiru inaugurazio jardunaldi antolatu dituzte azaroaren 26, 27 eta 28rako, hitzaldiak eta topaketak uztartuz estatu mailako hainbat erreferenterekin: Pablo Ribera (HLC), Martuteneko Ramputene DIY gune autogestionatuko kideak, Alain Kortabitarte eta Ian Campbell kirolariak, Julen Arizmendi (Daibai Skateboarding eskola inklusiboa), No Name Skate Girls kolektiboa eta Marcos Lozano (SNT4EVER). Datozen asteetan ere egitarauak aurrera jarraituko du: abenduaren 11n El legado de Ismael dokumentala proiektatuko dute DokuIrun programaren barruan, eta abenduaren 19an, 18:00etan, Sancheskiri eta Europako monopatinaren historiari buruzko hitzaldia egingo dute CBAn. Halaber, haur eta nerabeentzako hastapen-eskolak eta sorkuntza-tailerrak izango dira haur txokoetan eta gaztelekuetan (abenduaren 4an Martindozenean, eta urtarrilaren 8an eta 9an Artian), eta erakusketara bisita gidatuak eskainiko dira abenduaren 19an eta urtarrilaren 9an, 11:30ean izen-ematea udal atarian.

Bultzatzaileen hitzetan, IrunGoSkateFest kultur proiektu iraunkor baten abiapuntua izatea nahi dute, belaunaldien arteko topagune bilakatzeko eta skatea praktikatzen dutenen zein gainerako herritarren arteko bizikidetza eta elkarrekiko errespetua estutzeko, kirol honen inguruko aurreiritziak gaindituz eta bere alderdi sozial eta sortzaileena agerian utziz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude