Irungo Udalak Jose Antonio Loidi euskarazko ikerketa bekara proiektuak aurkezteko deialdia ireki du

Irungo Udalak  Jose Antonio LOIDI ikerketa bekaren 16. edizioa deitu du. Deialdira aurkeztu daitezkeen proiektuak gai askotakoak izan daitezke: antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika.Proiektuak aurkezteko epea martxoaren 27an itxiko da.

Beka honek omenaldi bat izan nahi du adopzioz eta bihotzez Bidasoarra zen Jose Antonio Loidi ospetsuarentzat, orain hogeita lau urte gure artetik joan zena, eta euskaraz egindako ikerketa suspertu eta bultzatu nahi du hainbat esparrutan, Jose Antonio Loidik bere bizitzan zehar landutakoak dira: antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika. Gisa berean, ikerketa zientifikoa zabaldu nahi da euskaraz, Jose Antonio Loidik hainbeste maite eta sustatu zuen hizkuntzaz.

Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egin beharko da eta 12 hilabeteko epea emango da horretarako. Guztira, 9.000 euro gordin eskuratuko ditu Jose Antonio Loidi ikerketa bekaren irabazleak. Lana gainera, originala eta argitaratu gabea izan beharko du.

Jose Antonio Loidi ikerketa beka norbanakoek edo taldeek eska dezakete. Horretarako, aurkeztu ahal izateko, unibertsitate gradua izateaz gain, EGA agiria edo baliokidea izatea beharrezkoa izango da. Bekaren oinarriak, eskaera-orria eta informazio osagarria Irungo Udaleko Euskara arloaren webgunean kontsultatu daitezke.

Jose Antonio Loidi

Jose Antonio Loidi Bizkarrondo (Errenteria, 1916-Irun, 1999), Farmaziako ikasketak egin eta Irunen botikari-plaza 1943an lortu zuenetik, antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanikari buruzko ikerketa ugari egin zituen eta urteetan euskal literatur eta zientzia aldizkarietako kolaboratzailea izan zen.

Besteren artean, Irungo etxeetako edateko ura aztertzeko ardura egokitu zitzaion eta seguruenik horrek eta bere jakin-min ase ezinak hidrologiaren inguruko hainbat ikerketa egin eta argitaratzea bultzatu zuen.

Lan zientifikoak denbora tarte nahikoa uzten zioenean idazluma dantzatu eta ipuinak eta artikuluak ere idazten zituen euskal literatura eta zientzia aldizkarietarako (Egan, Zeruko Argia, Jakin, Olerti, La Voz de Euskadi, Uranzu, Bidasoan…).

1955ean, Jose Antonio Loidik lehen euskal eleberri poliziakoa idatzi zuen, “Amabost egun Urgainen”, euskara hutsean. Garai hartako egoera politikoa, kulturala eta soziala kontuan izanda, meritu izugarria. Eleberri horri esker, Euskaltzaindiak antolatutako lehiaketan aipamen berezia jaso zuen eta euskaratik katalanera itzulitako lehenengo eleberria izan zen. 1957an Euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1998an ohorezko kide.

Jose Antonio Loidi, euskaltzalea, Irungo Ikastolaren sortze lanetan eta Guda Zibilaren ondorengo lehenengo Euskal Jaien (1966) antolakuntza lanetan ere aurkituko dugu.

1999ko uztailaren 9an zendu zen Irunen, berak sortutako Luis de Uranzu Kultur Elkartearen ohorezko presidente zelarik. Irungo Udalak, 1999an, Jose Antonio LOIDI IKERKETA BEKA sortzea erabaki zuen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude