Hainbat ekintza egingo dira Irunen Euskararen Hilabetearen baitan

Gaur abiatu da Irungo Udalak Euskaren Hilabetearen bueltan antolatutako ekintzen programa.Urtero bezala, haur eta gaztetxoen euskararekiko motibazioan eragiteko xedea du egitasmoak. Horregatik, aurtengo leloarekin taldean lan egitearen aldeko aldarria zabaldu nahi izan dute. Horretarako, “Irunen bagara, zu ere bazara, izan gaitezen!” lelopean antolatu da egitasmoa, udazkenean egin zen Euskaraldiari keinu eta aitortza eginez.

Irungo Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren barne dagoen programa da Euskararen Hilabetea, eta ikastetxeetako haur eta ikasleak ditu xede talde nagusi. Hiru jarduerekin osatu dute aurtengo programa: batetik, ikasleek antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute Amaia Kultur Zentroan

Horretaz gain, Mintzodromo Gaztea ere egingo da Mendibil Merkataritza Zentroan. Saioetako bat ziurrenik martxoaren 17an,ostiralean, egingo da eta bigarrena, berriz, martxoaren 24an.Euskara ordezkariaren hitzetan, “mintzodromoak oso harrera ona izan zuen iaz eta aurten ere sekulako harrera izan du, esperotako baino askoz handiagoa”. Zentzu horretan, izen emateek aurreikuspenak gainditu dituztenez, Euskara arloa udazken aldera beste Mintzodromo bat antolatzea pentsatzen ari dira. Iñigo Gaitón Euskara Arloko teknikariak azaldu du.

Bestalde, Euskararen Hilabetearen testuingurua aprobetxatuz, Laburbira film laburren zirkuituak geldialdia egingo du Irunen martxoaren 7an. “Animatu nahi ditugu euskarazko zinema sorkuntza gustuko duten irundarrak eta inguruko biztanleak egun horretan Amaia antzokira hurbiltzera”.Gainera, Marina Perosanz zuzendaria bertan izango da eta berarekin hitz egiteko aukera egongo da.

Bestetik, ikasleen sorkuntza lanekin Irunero aldizkariaren bi zenbaki berezi plazaratu dira. Irunero bereziak Haur Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza arteko haurren lanak jasotzen ditu. Irunero berezi horiek Euskara arloaren webgunean edo Irunero aldizkariaren webgunean zein sare sozialetan ikusgai daude jada. Gainera, aldizkariak ikastetxeetara bidaliko dira guraso eta ikasleen artean zabal ditzaten.

Miren Echeveste Euskararen ordezkariak azaldu du aurtengo egitaraua inoiz baino bereziagoa dela eta denetarik eta denontzat sortutako egitaraua dela: “Oso pozik gaude aurten euskararen hilabeterako programatu dugun egitarauarekin. Antzerki-lan apartak lotu ditugu eta espero dugu gure hiriko haur eta gazteek ongi pasatuko dutela, baita mintzodromoaren bitartez beren adineko beste gaztetxo batzuekin euskaraz hitz egiteko aukera baliatuko dutela ere, edo parkean euskaraz jolastuko dutela, edo Familia Olaren bitartez gauzak ikasiko dituztela. Eta, helduagoentzat, zinema beti da aukera ona euskarazko sormena deskubritzeko, hala nola Laburbirako film laburren bitartez. Eskaintza zabala da, eta irundarren gustukoa izango dela uste dugu”.

Antzerkiak Amaia KZn

Datozen asteetan 4.000 ikasle baino gehiagok hainbat antzezlan ikusiko dituzte Amaia KZn. Miren Echevestek azaldu duenez, “aurten ere bai ikastetxeek gustu handiz hartu dute Amaia KZn antzerkiaz gozatzeko gonbita”. Gaur eta bihar Demode Quartet konpainiak Itsatsita antzezlanarekin emango dio hasiera programari. DBH 3 eta DBH 4-ko gaztetxoei zuzendutako antzerkia izango da.  Martxoaren 2 eta 3an, Mar Mar Teatro konpainiak Tarzan obra taularatuko du, DBH 1 eta DBH 2-ko ikasleentzat.  Martxoaren 8 eta 9an LH 3 eta LH 4-ko ikasleen txanda izango da, eta Eidabe konpainiaren Piztu emakumeON energia! antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute. Haur Hezkuntzako ikasleek emango diote amaiera antzerkien egitarauari martxoaren 21, 22 eta 23an, Patata Tropikala konpainiaren Azken eguzkilorea funtzioarekin.

Haurrak Parkean

Bestalde, prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, Irungo Udalak eta Hezten-ek “Haurrak Parkean” izeneko egitasmoa jarri dute martxan, eskolatik kanpo, kalean eta parkeetan euskararen erabilera handitzea helburu hartuta. Horretarako martxoaren 1etik 31ra (asteazken eta ostiraletan), Hezten-eko jolas dinamizatzaileen laguntzaz, Irungo parke eta plaza ezberdinetan saioak burutuko dira.

Hauek dira aurrera eramango diren bi programak:

  • ZABU ZIBU: 17:00-18:00etara; 3-5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat. Helburua euskaraz jolastu ahal izateko tresnak eskaintzea da, beraz, behar beharrezkoa da haurrak guraso edo helduren batekin etortzea eta jolastea.
  • TXIRRINTXON: 18:00-19:00etara; 6-9 urte bitarteko haurrentzat.

Egitasmoa Irungo 4 parketan gauzatuko da. Martxoko asteazkenetan, hau da, 1ean, 8an, 15ean, 22an eta 29an Nagore Laffage parkean, Palmera Monteron (euriarekin aterpean) eta Partxis parkean (Olaketa kalean). Eta ostiraletan, hau da, 3an, 10ean, 17an, 24an eta 31n Arbium plazatxoko frontoi estalia, Katean, eta San Juan plazan (euriarekin Udaletxeko arkupeetan). 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude