Antzerkiari leihoa zabalduko dio aurtengo Euskararen Hilabeteak

Beste urte batez Euskararen Hilabetea ospatuko du otsaileko hilabetean zehar Euskara arloak. Aurtengo edizioa antzerkia izango da Irungo eskoletako ikasleak euskara hurbiltzeko erabiliko den kanala. “Euskara, gure leihoa” leloaren azpian hiru antzezlan egingo dira Irungo Amaia Kultur Zentroan.

Otsailaren 6tik 28ra luzatuko da Euskara arloak Irungo Euskara Sustatzeko Ekintza planaren barnean antolaturiko programa. Honela, hiriko ikastetxe eta institutuetako ikasleei zuzendutako hiru antzerki ezberdin aukeratu dira. Guztira, 7.300 haur igaroko dira Amaia Kultur Zentrotik otsaileko hilabetean zehar. Monica Martinez Euskara ordezkariak adierazi du, “programa honekin haurren eta gazteen motibazioa eragin nahi da, euskararen aldeko jarrera positiboa sustatuz”.

“Programa honekin haurren eta gazteen motibazioa eragin nahi da,

euskararen aldeko jarrera positiboa sustatuz”

Mónica Martínez, Euskara ordezkaria

Antzerki ziklo honen barneko lehen antzezlana otsailaren 6 eta 7an antzeztutako “Martinaren parke fantastikoa” izan zen. Haur Hezkuntzako ikasleei zuzenduriko antzezlan honen bitartez, haurrek Martinaren hamaika abenturez gozatzeko aukera izan zuten “Producciones Maestras” konpainiaren eskutik. Otsailaren 13 eta 14ean Lehen Hezkuntzako 3.eta 4. mailako ikasleak hurbildu ziren Amaia antzokira. Tolstoiren “Gizon zoriontsuaren alkandora” ipuinean oinarriturik, ikasleak zoriontasuna bilatzeko abenturan murgildu ziren.

Azken antzezlana otsailaren 27 eta 28koa izango da eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako pentsaturik dagoen obra da. “Jauzi hirukoitza” izeneko antzezlanaren bitartez “Pikor Teatro” tren istripu batean hiltzen den neskato baten heriotzak komunitatearen bizitzan eragingo dituen aldaketak kontatzen ditu. Honela, gazteen bizitzetan bat-batean gerta daitezkeen beste galera batzuen inguruan hausnartzea bilatzen da ere. Gainera, konpainiak ikastetxeetara Gida Didaktiko bat bidali ohi du, obran lantzen diren gaiak ikasgeletan ere era pedagogikoan landu ahal izateko.

Irunero berezia
Bestetik, hilabete honetan Irunero aldizkariak bi ale berezi argitaratuko ditu, ikasleen sormena erakusteko. Batean HH, LH1, LH2, LH3 eta LH4ko ikasleen lanak bilduko dira eta, bestean LH5, LH6 eta DBH-ko ikasleen lanez osaturik egongo da. Aldizkari berezi hauek, hiriko ikastetxe eta institutuetan banatzeaz gain, Euskara Arloaren Webgunean zintzilikatuko dira ere.

Laburbira
Iaz Euskararen Hilabetearen barnean txertatu zen Laburbira laburmetrai zirkuitua. Aurten, ordea, Amaia Kultur Zentroan apirilaren 11an antolatuko da laburmetrai zirkuitua eta 9 dokumentalez osaturik egongo da. Laburmetraiez gain, aurreko urtean bezala, zuzendariak edo zikloa osatuko duten laburmetraiekin loturiko pertsonak antzokira hurbiltzeko ahalegin berezia egingo da, publikoaren eta profesionalen arteko solasaldi interesgarriak sortzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude