Emakumeen Etxea Irungo feminismoaren erdigune izango da

Emakumeen etxearen proiektuari 2021eko hasieran berriro ekin zitzaion. Lehen saioak online formatuan egin ziren pandemiaren egoeragatik eta azken hilabeteetako saioak, berriz, aurrez aurre egin dira. Guztira, aurreikusitako hamaika saioetatik zazpi egin dira dagoeneko, hileko bigarren larunbatean betiere.

Miren Echeveste Berdintasun ordezkariak nabarmendu duenez, “prozesuaren funtsezko momentu batean gaude: gauza asko zehaztu ditugu dagoeneko, eta beste asko zehaztear gaude”. Izan ere prozesu parte hartzailearen bidez gauza asko argitzen ari dira. Echevestek adierazi duenez, “parte hartzaileen arteko ulermen eta adostasun maila oso handia da”. Erantsi duenez, “Udaleko talde politikoak prozesuaren emaitzak aztertzearren esertzeko eta Irungo Emakumeen Etxeak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoa duen babes guztia duela bermatzeko urratsak egiteko garaia da orain”.

Berdintasun Arloko arduradunek azaldu dutenez, honako hauek dira prozesuaren printzipioak: konpromisoa, informazioaren gardentasun eta berdintasuna, ahizpatasunean oinarritutako harremanak, aniztasuna, saioen presentzialtasuna eta proiektu komun batean lan egiteko gogoa.

Era berean, orain arteko saioetan, Irungo Emakumeen Etxea izango denaren funtsezko alderdiak landu dira, hala nola Etxearen erabiltzaileak: emakumeak, adiera zabalean, euren izaera, jatorria, orientazioa eta ideologia direnak direla (queer pertsonak, ez-binarioak, etab.); mugimendu feminista; eta berdintasunaren aldeko emakume elkarteak. Edonola ere, malgutasun eta irekitasun printzipioek bideratuko dute Etxearen eguneroko funtzionamendua.

Horrekin batera, espazio fisikoa eta Istillaga plazako lokala egokitzeko proiektua osatzen duten oinarrizko planoak zehazten ari dira prozesuan parte hartzen ari diren emakumeak, zerbitzuak, erakusketak, tailerrak, hitzaldiak, bilerak, eztabaidak eta nolanahiko beste jarduera batzuk antolatzeko gune balioaniztunak moldatzeko moduan.

Ondo definitutako printzipioak
Irungo Emakumeen Etxea zuzenduko duten printzipioak ere zehaztu dira: parte-hartzaileen arabera, ekipamendua publikoa, irekia, integratzailea eta plurala izango da; sorkuntza, berrikuntza eta elkarteen lana sustatzeko espazio kolektibo bat, arreta pertsonalizatu, diskretu eta segurua emango duena eta zerbitzu eraginkor eta profesionalak eskainiko dituena, non Udaleko Berdintasun Zerbitzua eta ekipamendua erabiltzen duten emakume eta elkarteak modu eraginkorrean eta ikuspuntu feministatik koordinatuko diren. Azken batean, prozesuan parte hartzen ari diren emakumeek Etxea proiektu bizi, malgu eta iraunkor bat izan dadin nahi dute, non gozatu, elkar zaindu eta ahaldundu egingo diren.

Jardueren zerrenda
Jorratu den beste gai bat Etxeari bizitza emango dioten jarduerak eta lantalde iraunkorrak dira. Bada, hiru bloke bereizi dira:

1. Ahalduntze Eskola (emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa sustatzeko ikastaro eta tailerrak, teoria eta praktika feministei buruz hausnartu eta eztabaidatzeko espazioak eta emakumeek betetzen duten eginkizuna eta gizarteari eta jakintzari egiten dieten ekarpena bistaratzeko espazioak)

2. Autolaguntza eta antolaketa taldeak (entzumen aktiboa, lankidetza eta aktibismoa sustatzeko lantaldeak, zaurgarritasun egoeran dauden emakumeak ahalduntzeko besteak beste)

3. Aholkularitza zerbitzuak (laguntza psikologikoa, juridikoa, afektibo sexuala, etxeko langileentzako laguntza, indarkeriaren biktima diren emakumeentzako laguntza eta, oro har, edozein emakumerentzako laguntza)

Aurrera begirako helburuak asko dira. Besteak beste, emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa, inklusioan oinarritutako elkartasuna, matxismoaren kontrako borroka eta hiriko mugimendu feministaren sustapen eta sendotzea; azken batean, Irun feminista bultzatzea.

Orain arte Emakumeen Etxearen prozesuaren barnean oinarrizko hainbat gai zehaztu dira. Batetik, Etxea erabiltzen duten emakumeek Etxearen eguneroko funtzionamenduan hitza eta botoa izan nahia eta, horretarako, Udalaren eta erabiltzaileen beren arteko kudeaketa eredu bat sortzeko beharra. Eredu hori erabiltzaileen eta erabiltzaile elkartearen kudeaketa organoez eta Udaleko zerbitzu teknikoekin koordinatzeko organoez osatuko da, zeinek behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren bermeak izan beharko dituzten.

Hurrengo saioetan, hortaz, Etxea kudeatzeko organoak eta Etxearen eguneroko funtzionamendua bideratuko duten arauak zehaztea izango da helburua (ordutegiak, espazioen erreserba, oinarrizko erabilera arauak, lehentasunak, langile beharrak…), baita Etxea izendatzea ere. Berdintasun ordezkariek aurreratu dutenez Emakumeen Etxearen izena zehazteko beste partaidetza prozesu bat eramango da aurrera, aurrekoen moduan, irekia izango dena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude