Irungo Emakumeen Etxearen proiektua errealitatetik gero eta gertuago

Miren Echeveste Berdintasuneko ordezkariak, Cristina Laborda Obretako ordezkariak eta EH Bilduko zinegotzi Oihana Brionesek Emakumeen Etxearen proiektuaren aurrerapenen berri eman dute ostiral honetan emandako prentsaurreko batean. Irungo Udalak duela gutxi agindu ditu proiektua idazteko eta obra zuzentzeko proiektuak. Horrekin batera, larunbat honetan partaidetza-prozesuaren bigarren fasea hasiko da, aurrez aurreko saioekin, EH Bilduk 2020ko aurrekontuetan sartutako zuzenketa baten ondorioz.

Emakumeen Etxearen proiektua puntu honetara iritsi da udal-gobernuak, 2021eko urtarrilean iragarri bezala, kokalekua Istillaga plazan ezarri ondoren. Urte honen hasieran ekin zitzaion partaidetza-prozesuari, modu telematikoan, pandemia dela eta. Berdintasun arloko ordezkari Miren Echevestek adierazi du ekimenak indarra hartuko dela Palmera Monteron egitekoak diren aurrez aurreko saioekin: «emakume guztiekin jarri gara harremanetan bileren egutegia helarazteko, adingabeak zaintzeko zerbitzua behar duten jakiteko eta aldibereko interpretazio-zerbitzua erabiliko duten galdetzeko, bilkurak bi hizkuntzetan egingo baitira». Gaiari sakonago helduta, Echevestek gaineratu duenez, «prozesuaren zortzi bilkuren helburua da deskubritzea nolako Emakumeen Etxea nahi duten Irungo emakumeek. Edonola ere, ikasteko, ahalduntzeko, elkar ezagutzeko eta berdintasunarekin eta feminismoarekin konprometitutako beste emakume batzuekin lotura estuagoak sortzeko balioko du ingurune horrek».

Prozesuak 8 saio izango ditu, larunbat honetan (urriak 2) hasita. Urrian izan ezik, hileko bigarren larunbatean izango dira beti, maiatzera arte. Bilkurak Palmera Monteroko 2. eta 5. aretoetan egingo dira, 10:00etatik 14:00etara. Bigarren fase honetan Emakumeen Etxearen jarduna landu eta zehaztuko dugu, bai eta egunerokotasunarekin lotutako beste puntu batzuk ere.

Aipatzekoa da Emakumeen Etxea iragan abenduan Irungo Sozialistek eta Elkarrekin Podemos/Ezker Anitza IUk sinatu zuten gobernu-akordioan («Garapen Jasangarriaren Helburuak dituen tokiko programa bat») agertzen den proiektuetako bat dela, bai eta Berdintasun Planeko ekimen bat ere. Horrela, agerian geratzen da berdintasun-politiketan aurrera egiteko Irungo udalak duen borondatea.

Obra arloak, bestalde, proiektua idazteko lanak agondu ditu, 42.350 euroko aurrekontuarekin, eta aurki esleitzeko asmoa dauka. Cristina Laborda ordezkariak esan duenez, «prozedura guztia jarri dugu martxan, espazio hori ahal bezain laster egokitzeko eta hirian erreferentzia bat izan dadin Emakumeen Etxe gisa. Helburua proiektua  idazteko prozesua eta hiriko emakumeen partaidetza uztartzen joatea da, lokalaren barnealdea definitzen amaitzeko».

Lan horien bidez, exekuzio-proiektuaren ildo nagusiak definituko dituzte, eta horiek hautatutako kokalekuan islatuko dira: Istillaga plazako 8.ean, udalaren lokal batean. Obra arloak ateratako prozedura irekiaren xedea da, exekuzio-proiektuaz gain, alternatiben azterlan bat ere idaztea. Hori guztia partaidetza-prozesuaren lehen fasean lehenesten hasi ziren erabilera eta ekipamenduetan oinarrituta egingo da, 280 m2-ko lokal batean. Lokala egokitzeko beharrezko instalazio guztiak aurreikusi beharko dira (elektrizitatea, aireztapena, klimatizazoa, iturgintza-lanak, saneamendua, etab.). Espazio malgu eta balioaniztun bat proiektatu nahi da: zabala, erosoa eta argitsua. Barneko banaketari dagokionez, hainbat gela izan beharko ditu, hala nola egongela, areto balioaniztuna, harrera, biltegia eta bulegoa.

Cristina Labordak gogora ekarri du aurtengo aurrekontuetan jasota daudela, proiektua idazteko partidaz gain, obra-zuzendaritza eta egokitzeko lanen esleipena, datorren urtean osatuko dena. Gastua hainbat urtetan banatuko da, eta milioi erdi eurokoa izango da (500.000 €).

EH Bilduren ordezkari Oihana Brionesek esan duenez, “emakumeen etxea sortzea EH Bilduren aspaldiko eskaera da. Emakumeen etxeak espazio fisiko bat baino askoz gehiago izan behar du, politika publikoei betaurreko morez begiratzeko urratsetako bat. Horregatik, gure taldean argi dugu proiektua garatzeko ezinbestekoa dela benetako parte hartze prozesu bat sustatzea, Irungo emakume bakoitzak etxe horretan islada izan dezan eta horrela berea egin dezan espazio hau. Horregatik, 2020ko aurrekontu akordioan gaia txertatzea lortu genuen, parte hartze prozesua gauzatzeko partida bultzatuz. Gaur, Irunen hain beharrezkoa den emakumeen etxetik hurbilago gaude”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude