Ander Gamónek gaur aurkeztu du denboraldi honetako lehiaketetan erabiliko duen autoa

Ander Gamónek gaur aurkeztu du zein izango den denboraldi honetako lehiaketetan erabiliko duen autoa. Aurkezpena eguerdiko 12:00etan egin da Irungo San Juan plazan. Aurkezpenean, pilotu irundarraz gain, Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol arloko ordezkariak parte hartu du. Era berean, Gamónek erabiliko duen autoa ere San Juan plazan ikusgai egon da aurkezpenean zehar.

Borja Olazabal Kirol ordezkariak Ander Gamónen ibilbide oparoa goraipatu du, hainbat kategorietan tituluak lortu dituela aipatzearekin batera. Bihar hasiko da Ander Gamónentza denboraldi berria. “Ander ezagutu genuenetik bera babesten saiatu gara eta horregatik Kirolaren Galan Irundarron Saria jasotzeko izendatua egon zen. Kirol ordezkariak azaldu du hori izan dela kotxearen aurkezpena Irun erdialdean egiteko arrazoi nagusia.

Ander Gamónek berriz, denboraldi berriaren hasieraren atarian oso pozik eta gogotsu dagoela azaldu du. “Lehenik eta behin, proiektu honetan lagundu didaten guztiei eskerrak ematea gustatuko litzaidake, bereziki udalari eta irundar guztiei”, adierazi du pilotu irundarrak. Hastear den denboraldia erronka bezala ulertzen du Ander Gamónek, etorkizunean plaza bakarreko autoetan, F3,  lehiatzeko aukera jokoan dagoelako. Horretarako, orain dela 9 urte erabili zuen autoarekin lehiatuko da.

Lehen txapelketa bihar izango da, Nafarroako zirkuituan. Ander Gamónek adierazi duenez, “ ia etxeko zirkuitua da niretzat, Euskal Herrian ez baitugu ezaugarri horiek dituen zirkuiturik”. Gamón Auto Klasikoen kategorian lehiatu zen iaz eta aurten bi maila gorago dagoen kategoria batean arituko da. Pilotu irundarrak azaldu duenez kategoriak ibilgailuen zilindradaren arabera antolatzen dira. Denboraldirako helburua 2. klaseko garaile titulua lortzea izango da, sailkapen orokorrean gainontzeko pilotuekin borrokatu ahal izateko. Ander Gamónek adierazi duenez, “txapelketan honetako lehiaketa guztietan zerbait berria ikasten da”.

Denboraldian zehar beste hainbat hitzordu izango ditu. Besteak beste, maiatzean Valentzian lehiatuko da Ricardo Tormo Chesteko zirkuituan. Ekainaren 18an Aragoin MotorLanden izango da eta azken lasterketa Montmelon izango da, Bartzelonan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude