Irunen iraunkortasuna bide publikoko bankuetaraino iristen da

Irungo alkate José Antonio Santanok eta Garapen Iraunkorreko eta Mugikortasuneko ordezkari Borja Olazabalek Irungo Udalak mugikortasun eta jasangarritasun arloan sustatutako azken ekimenen balantzea egin dute, San Juan inguruan, Irungo emisio gutxiko zona bihurtzeko eraldatzen ari baita, eta, zehazki, Berrotaran karrikan, Ekomodo enpresa gipuzkoarraren material birziklatuzko bi banku jarri baitira bertan. Horrelako produktu jasangarriak fabrikatzen ditu enpresa horrek, eta, haien ezaugarriak hobeto azaltzeko, enpresako ordezkari Joan Tejadak ere parte hartu du agerraldian.

“Banku hauek xehetasun bat dira, baina badira hiriek XXI. mende betean hartu duten norabidea azaltzeko sinbolo bat ere. Irun, gainontzeko udalerriak bezala, etorkizunera egokitzen ari da, hiriek pertsonak gogoan hazi behar dutela sinetsita: zerbitzu publikoen irisgarritasunak erabatekoa izan behar duela, hiriek kutsadura maila txikiagoko toki atseginak izan behar dutela, lehentasuna oinezkoek izan behar dutela, garraio publikoak jasangarria izan behar duela… San Juan berria eta ingurua horren adierazgarri garbiak dira”, azpimarratu du alkateak.

Ildo horretatik, Borja Olazabalek aditzera eman du inguruan sustatzen ari den aldaketa “Udalak hartu duen norabidearen erakusgarri” dela. “Bankuak sortzen ari garen emisio gutxiko zona jasangarriaren beste ukitu bat dira. Autoak eta ibilgailuen zarata eta kea zeuden leku baten ordez, oinezkoentzako toki zabal bat sortu dugu, zuhaitz eta berdegune berriak landatu ditugu, eta, gainera, oso gauza berritzailea egin dugu: banku birziklatuak jarri”.

Ordezkariak gogorarazi duenez, Berrotaran karrika ez da oinezkoentzat egokitutako lehenengoa. Aitzitik, duela hainbat urte San Juan plazan, bertako obaloan eta Almudena Grandes plazatxoan pertsonei askoz ere metro karratu gehiago eskaini nahian hasitako bide baten jarraipena da. “Lehen, aparkaleku handi bat genuen; orain, berriz, baditugu parke bat, egoteko leku bat, liburutegi libre bat gure liburutegiaren sarreran…”, zerrendatu du.

Badira antzeko beste ekimen batzuk, hala nola Javier Esteban Indart kalea, San Migelen: lehen, espaloi estuak zituen, eta autoak kale osoan barrena ibiltzen ziren, eta bi aldeetan aparkatzen; orain, aldiz, pertsonentzako toki bat da. Beste adibide bat Letxunborro hiribidea da: oso obra txikia eginda, lehen autoentzat ziren bi errei oinezko eta txirrindularientzat dira orain.

L2, laster, elektrikoa

Ordezkariak baieztatu duenez, “2. lineako autobusak elektrifikatzeko proiektua aurrera doa. Enpresa ibilgailuak fabrikatzen hasi da dagoeneko, eta laster ikusiko ditugu Irunen”.

Bestalde, suhiltzaileen parkeko karga punturako hargunea prest dago jadanik, eta Iberdrolak konexioa egitea eta Irizarrek karga puntua noiz muntatzea aurreikusten duen baieztatzea besterik ez da falta.

Irungo mugikortasunaren elektrifikazioaren ildotik, Mugikortasun Arloak jakinarazi duenez, laster lizitatuko da hirian kargagailu elektrikoak instalatzeko ekimena. Hiriak alde horretatik dituen beharrak aztertzeko lan bat egin da jadanik, eta hurrengo pausoa proiektua zertzeko lizitazioa martxan jartzea izango da. Aurreikuspenen arabera, San Juanen, Colón ibilbidean eta Pio XII.a plazaren inguruan kokatuko dira kargagailuak.

Ordura bitartean, hiriko parkingetako kargagailuak erabili ahalko dira: San Juanen, beste bi jarriko dira apiril bukaerarako; Pio XII.a plazan, berriz, bi jarri dira, eta erabiltzeko moduan egon daitezen prestatzen ari dira. “Azken batean, xehetasun guztiak garrantzitsuak dira. Hiriak jasangarriak izango baitira… edo ez baitira izango”, laburbildu du Borja Olazabalek.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude