Irungo Udaleko Kultura Arloak jakinarazi duenez, San Pedro eta San Martzial egitarauaren barruan adinekoentzat antolatu ohi den bazkaria ekainaren 26an izango da, astelehenarekin, 14:00etatik aurrera, Ficobako 3. pabilioian. Irunen erroldatuta dauden eta 2023ko ekainaren 26rako 65 urte bete dituzten pertsonek parte har dezakete ekimenean.
Bazkarian parte hartu nahi dutenek 010 telefonoaren bidez eta Udalaren webgunearen bitartez eman ahalko dute izena, banan-banan, ordena honetan: Iaz izena eman ez zutenak ekainaren 6an eta 7an inskribatu ahalko dira, 08:00etatik 19:00etara bitartean. Iaz izena eman zutenak, berriz, gonbidapenik badago betiere, ekainaren 8an eta 9an inskribatu ahalko dira, 08:00etatik 19:00etara bitartean.
Gonbidapenen banaketa
Gonbidapenak Amaia KZko txarteldegian banatuko dira, ekainaren 13an eta 14an, 09:30etik 13:30era bitartean, eta, jasotzeko, NANa aurkeztu beharko da. Guztira, 700 gonbidapen banatuko dira, izena emateko ordenan, eta, bazkariaren egunean, Ficobako 3. pabilioian erakutsi beharko da txartela.
Ficobara joateko autobusa
Nahi dutenek autobus zerbitzu berezi bat izango dute aukeran Ficobara joateko: Fermín Calbetón kaleko geralekutik abiatuko da, 12:30etik aurrera, eta azken irteera 13:30ean izango da. Itzultzeko autobusa 17:00etatik aurrera abiatuko da, San Juan plazaraino, eta azken irteera 19:00etan izango da.