Oinaurreko parkea estaltzeko lanak hasi dira

Oinaurren haurrentzako jolastokia estaltzeko lanak hasi ziren. Atzo, astelehenean, obrak egiteko lanen prestaketekin hasi ziren. Estalkiak jolastokia eguraldi txarretik babestuko du, horrela, haurrek urte osoan zehar gozatu dezaten. Lanek 6 hilabeteko epea izatea aurreikusten da eta 459.998,42 euroko aurrekontua baliatuko da horiek egiteko.

Borja Olazabal Obra ordezkariak gogoratu duenez, Oinaurreko haur-jolasen eremua estaltzea aurrekontu parte-hartzaileetan bozkatutako proiektuetako bat da; izan ere, boto gehien jaso zituen eskaeretako bat izan zen, eta auzo-elkarteak ere proposamena babestu egin zuen.  “Proiektu honek auzoari bizitza gehiago emango dio, eta udalaren lan-ildoa errespetatzen du, hain zuzen, beti jasangarritasunaren, irisgarritasunaren, genero ikuspegiaren eta inklusibitatearen irizpideekin lan egitea”. Obra ordezkariak adierazi duenez, parke bat estaltzeak gero eta ohikoagoak diren bero-egunetarako babesa ematen du. “Hirian itzala duten lekuak izatea, babesleku klimatikoak deiturikoak, berebiziko garrantzia du etorkizunari begira”, gaineratu du Olazabalek.

Obrak hasi eta lehenengo egunetan, obra hesiak, etxolak eta hondakinak kudeatzeko edukiontziak jarri, kautxua kendu eta egungo haur-jolasak desmuntatuko dira. Lan horiek amaitutakoan hasiko dira obrak,  6 hilabeteko epearekin eta BEZa barne duen 459.998,42 euroko aurrekontuarekin.

Jarduketa-eremua

Jarduketa-eremuaren azalera 1.100 metro karratukoa da. Proiektuaren helburua da, batetik, parkea erabiltzen dutenei eguralditik babesteko aukera ematea. Bestetik, dagoen espazioa egituratzea jolastoki inklusibo bat bermatuta, sormen handiz diseinatuta eta askotariko jolas-esperientziak hartuko dituena leku atsegin batean.

Hiru eraikuntza-elementu proposatu dira horretarako. Forma errektangularrak eta ertz biribilduak izango dituzte, eta bata bestearen gainean egongo dira, konposizio kateatu txiki bat eratuz. Bi elementu handienak altuera desberdineko bi estalki izango dira, eta hirugarrena, plataforma bat, jolaserako elementu gehigarri gisa eta estalpean egoteko toki gisa. Estalpeko eremuaren azalera 486 m2 ingurukoa izango da.

Orain dauden jolas batzuk dauden lekuan geratuko dira, eta beste batzuk, berriz, lekuz aldatuko dira, espazioa hobeto banatzeko, segurtasun-tarteak errespetatuta. Oraingo kautxuzko zolagaina ere berritu egingo da, diseinua elementuen antolamendu berrira egokitzeko. Gainera, argi-instalazio berriak jarriko dira, estalpeko jolastokia behar bezala argiztatzeko.

Parkearen inguruan, zirkulatzeko eta paseatzeko eremu bat egingo da, haurrek zein helduek parkeko gainontzeko ekipamenduari eta jarduera nagusiari traba egin gabe goza dezaten. Handik, erraz joan ahalko da jolastokira eta kirola egiteko makinetara; horiek betiko tokian egongo dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude