Lapurriturriko informazio puntuak mineralen tailerra antolatu du ekainaren 15erako

Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko Arloak sustatzen du Lapurriturriko informazio puntua, Aiako Harria Parke Naturalean, eta, ekainaren 15ean, larunbatarekin, oso jarduera berezi bat eskainiko du, mineral tailer bat, parte hartzaileek inguruko mineralak deskubritzeko. 11:00etan hasiko da, Lapurriturriko informazio puntuan bertan.

Parte hartzaileek bertatik bertara ezagutuko dituzte inguruko mineralak. Gainera, eguneroko bizitzarekin harremanetan jarriko dituzte, eta, horrela, ikasiko dute zer mineral erabiltzen ditugun eguneroko bizitzako jardueretan, eta zertarako.

Hainbat mineralen laginak erakutsiko zaizkie, haien ezaugarri nagusiak zehazten dituzten txartelekin batera, eta mineral bakoitza dagokion txartelarekin elkartu beharko dute. Ondoren, mineral bakoitzaren propietateak azaltzeko fitxa bat banatuko zaie.

Nahi duten herritar guztientzat da jarduera, eta, bereziki, 8 urtetik 12 urtera bitarteko haurrak dituzten familientzat. Parte hartzeko, ekainaren 1etik 12ra bitartean eman behar da izena, 010 telefonora deituta edo Irungo Udalaren webgunearen bidez. Lapurriturriko informazio puntuko arduradunek adierazi dutenez, komeni da mendian ibiltzeko arropa eta oinetako egokiak eramatea, eta baita ura eta hamaiketakoa ere.

Lapurriturriko informazio puntua, zabalik udan

Ekainaren 1etik urriaren 31ra bitartean, Lapurriturriko informazio puntua asteburu, jaiegun eta zubi guztietan egongo da zabalik, 09:30etik 13:30era bitartean. Bitarte horretan, jarduera tematikoak antolatuko ditu, inguruaren balio historiko, kultural eta naturalak ezagutarazteko.

Lapurriturriko informazio puntua

Lapurriturriko informazio puntuak hamabost urte baino gehiago darama bisitariei parkea ezagutarazten, eta, udaberrian, udan eta udazken hasieran jarduerak antolatzeaz gain, informazioa eman ere egiten du, paperean, baita azalpenak ere, gidari baten bitartez, naturaguneari berari buruz, bost ibilbide tematikoei buruz (elurzuloei, meatzaritzari, ikazkintzari, gerrei eta flora, fauna eta urari buruz) eta inguruko eskaintza turistikoari buruz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude