Udazkenera arte luzatuko dira Irungo historia ezagutzeko bisita gidatuak

Irungo Udalak eta Bidasoa bizirik-ek bisita gidatuen programa zabal eta erakargarri bat jarri zuten abian uda hastearekin batera. Egitasmoa udazkena iritsi arte indarrean egongo da Irunen. Hiriaren, Alde Zaharraren eta udaletxearen ohiko bisita gidatuez haratago, uda honetan irundarrek zein kanpotik bisitan datozenek ekimen berri bat dute eskura, hirian barrena ibilaldi bat eginda Europako historiaren berri izateko.

Jarduera berri honetan Irungo ondare historiko eta kulturala erakutsiko da, modu dinamiko, gertuko eta atsegin batean, hirian barrena ibilaldi bat eginda. Lehen ibilaldia uztailaren 20an egin zen, arrakasta handiz egin ere, leku guztiak bete baitziren. Azken bisita abuztuaren 3an egitekoa zen baina, eguraldi txarra ikusita, bertan behera geratu zen azkenean. Edonola ere, abuztuaren 31ra arte jarraituko dute bisitak egiten.

Abuztu amaierara arte, beste sei bisita gidatu egingo dira, ostegunero, 11:00etan eta 13:00etan.Bisitak tokiko herritarrei zein bisitariei irekita daude. Era berean, bisitak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira.

Parte hartu nahi izanez gero, aldez aurretik erreserba egin behar da Irungo Turismo Bulegoan, 943020732 telefonora deituta edo mezu bat bidalita helbide elektroniko honetara: turismoirun@bidasoa-activa.com. Talde bakoitzean gehienez 15 lagun izango dira.

Bisita-ziklo berri horrekin batera, gogoratu behar da udan berriz eskainiko direla bisita gidatuak udaletxean, hiri-erdialdean eta hirigune historikoan. Hirigune historikoaren bisita gidatua klasiko bat da Irungo udako eskaintza kulturalean. Ekitaldi horretan, eremu hauek bisitatzen dira: Junkal eliza, Oiasso inguru erromatarra, Urdanibia plaza, udaletxearen kanpoaldea eta Ama Xantalen ermitaren kanpoaldea.

Gertuko turismoa nagusi

Uztaileko balantzea «oso positiboa» Irunen, Bidasoaldeko turismoari dagokionez. Irunen, hotelek % 95,3ko okupazioa izan dute. Izan ere, kulturarekin eta aisialdiarekin lotutako jarduera ugari egin dira hirian, hala nola Frantziako tourra, Dies Oiassonis jaialdi erromatarra edota Bidasoaren nazioarteko jaitsiera eta, horiei esker, turismoak susperraldi handia izan du uztailean, batik bat, gertukoak.

Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidentearen hitzetan, «hiriaren eskaintza turistikoa erakargarria da Irunera bisitan datozenentzat: historia, kultura, aisialdia eta gastronomia uztartzen dituen kalitateko eskaintza turistiko erakargarria da, urterik urte gorantz doan bisitari kopuruak erakusten duenez».

Irungo Luis Marianoko turismo-bulegoak emandako datuen arabera, uztailean hirira etorri ziren bisitarien % 75etik gora Espainiakoak ziren, batik bat Madril, Katalunia, Gaztela eta Leon eta Andaluziako turistak. Atzerriko turistei dagokienez, gehienak frantsesak dira eta, horien atzetik, Alemania, Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Belgikatik iritsitakoak datoz.

Uda eta udazkeneko bisita gidatuak

Jarraian, bisita gidatuen egutegi osoa jasotzen da. Bertan azaltzen dira hiru bisita gidatu moten ezaugarriak eguneratuta, bai eta informazio praktiko guztia ere.

  • Udaletxera bisita gidatua: Ibilbidea Irungo Udaletxearen barrualdean eta kanpoaldean. Bisita gidatu hau hilabete bakoitzeko azken larunbatean egingo da, azaroaren 25era arte. 11:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz. Bisita doakoa da eta 50 minutuko iraupena du. Erreserba egiteko hurbildu Irungo turismo bulegora, deitu 943020732 telefono-zenbakira edo idatzi turismoirun@bidasoa-activa.com helbidera.

 

  • Hiriaren erdialdea, ondarea eta hirigune zaharra ezagutzeko bisita gidatua: Junkal eliza, Udaletxea eta Irungo ondarea ikusteko ibilbidea bisitatuko dira. Bisita hauek asteazkenetan 11:00etan eta ostiraletan 17:00etan egiten dira, abuztuaren 30era arte. Bisita euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez egiteko aukera dago. Bi ordu iraungo ditu eta 3 euro ordaindu beharko dira bisitan parte hatzeko, 12 urte arteko haurrentzat doakoa izango den bitartean. Erreserba egiteko hurbildu Irungo turismo bulegora, deitu 943020732 telefono-zenbakira edo idatzi turismoirun@bidasoa-activa.com helbidera.

 

  • Irungo historia: Bisita gidatuan honako hauek bisitatuko dira:  Avenida zubia, Bidasoko Interpretazio Zentroa, Bidasoa ibaia, Faisaien uhartea, Gazteluzar gaztelua, Aduanako eraikina eta Behobiako zubia. Bisita hau ostegunero 11:00etan errepikatuko da, abuztuaren 24ra arte. Abuztuaren 10ean eta 17an bisitak gaztelaniaz egingo dira; eta 31n euskaraz. Bi orduko iraupena izango du  eta 3 euro ordaindu beharko dira bisitan parte hatzeko, 12 urte arteko haurrentzat doakoa izango den bitartean. Erreserba egiteko hurbildu Irungo turismo bulegora, deitu 943020732 telefono-zenbakira edo idatzi turismoirun@bidasoa-activa.com helbidera.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude