21 jarduera antolatu dira hirian azaroaren 25a, Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, dela eta. Irungo Udalaz gain, elkarte hauek ere antolatu dituzte jarduerak azaroaren 25aren inguruan: Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak, Bidasoaldeko Elkarte Feministak, Uxoak, Argoiak Kultur Elkarteak, Parean Elkarteak eta Txingudiko Elkarte Feministak. Era berean, Berdintasun Batzordeak parte hartu du antolakuntzan.
Ildo horretatik, gaur emandako prentsaurreko batean, Irungo alkate Cristina Labordak eta Berdintasunerako eta LGTBIQ+ Eskubideetarako ordezkari Maite Cortinak, egitaraua prestatzen parte hartu duten hiriko elkarte feministetako eta/edo emakume elkarteetako ordezkariekin batera, haien xehetasunak eman dituzte.
Jarduerak abenduaren 7ra arte luzatuko dira. Besteak beste, egun honek herritarrak emakumeen kontrako indarkeriaren norainoko eta larritasunaren inguruan sentsibilizatzea du helburu, baita jarrera bortitzen prebentzioa hobetzea eta emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko portaera ereduak sustatzea ere.
Programa martxan dago jadanik: Querer telesailaren bi proiekzio egin dira –hirugarrena ostiral honetan izango da–, eta “Cuentos que cuentan. ¿Es la literatura infantil una aliada para construir la igualdad?” hitzaldia egin da, Parean Elkartearen eskutik.
Astelehen honetan, berriz, Bidasoaldeko Elkarte Feministaren eskutik, El color púrpura filma emango da, Artiako auzo elkartearen egoitzan, 17:00etan, eta, ondoren, mahai ingurua izango da.
Labordaren esanetan, “funtsezkoa da gizartea kontzientziatzen jarraitzea, indarkeria matxista lazgarria baita eta urtez urte datu izugarriak baititugu”. Horregatik, Irungo Udalak jarduerak sustatzen eta baliabideak inbertitzen segituko duela agindu du alkateak, emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazten saiatzeko eta, “horrela, gizartea parekide eta feministagoa izateko bidean aurrera egiteko”.
Cortinaren hitzetan, berriz, garrantzitsua da berriro bat egitea hiria azaroaren 25aren inguruko jarduerez betetzeko. “Izan ere, azaroaren 25a ez da nolanahiko eguna, eta borroka hau emakume eta gizonena da”, azaldu du Berdintasunerako eta LGTBIQ+ Eskubideetarako ordezka. Cortinak gaineratu duenez, “Irundar guztion artean gizarte parekide eta seguruagoa eraiki behar dugu, eta, batez ere, emakumeen kontrako inolako indarkeriarik onartzen ez duena”. Berdintasunerako eta LGTBIQ+ Eskubideetarako ordezkariak gehitu du erantzukizun indibidual eta kolektiboa “funtsezkoak” direla horrelako portaerak desagertzeko.
Programaren xehetasunak
Azaroaren 25aren atarian, asteburu honetan, ostiralean, 18:30ean, Jeanne Rolande Dacougna Minkettek “La mirada feminista antirracista de las mujeres migradas” hitzaldia emango du, Palmera-Montero Gunean, eta, larunbatean, 18:00etan, Irun Beldur Barik lehiaketaren barruko ikuskizuna egingo da, Amaia Kultur Zentroan.
Azaroaren 25ean bertan, 12:00etan, elkarretaratzea egingo da, San Juan plazan; 13:00etan, kantu eta dantza emanaldi feministak izango dira, Zabaltza plazan, Udalak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak Irungo Emakumeen Etxea elkarrekin kudeatzeko sinatutako hitzarmenaren esparruan; eta, arratsaldean, El color púrpura filma emango da, San Migeleko adinekoen espazioan. Gainera, Asun Casasola kontakizun sariketaren XI. edizioa hasiko da. Otsailaren 8an bukatuko da deialdira aurkezteko epea.
Abenduaren 7ra arte izango dira jarduerak: azaroaren 26an, El color púrpura filmaren emanaldia; azaroaren 27an, Mujeres lesbianas, refugiadas y migrantes izenburukoa; abenduaren 1ean, Soy Nevenka filmarena; bertako eta migratutako emakumeen arteko topaketa; irakurraldi dramatizatuen tailerra, Asun Casasola kontakizun sariketaren barruan; eta genero indarkeriari eta transexualitateari buruzko obra baten emankizuna, programari bukaera emateko –www.irun.org helbidean kontsultatu daitezke jarduera guztiak–.
Gainera, Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean urtero egin ohi duenez, Irungo Udalak adierazpen instituzional bat onartuko du, eta puntu morea jarriko da udaletxeko balkoian.



