Hendaia, Irun eta Hondarribia batuko dira datorren azaroaren 22an ‘Mugaz Muga‘ izeneko kirol-ekimen solidario eta mugaz gaindikoaren bidez. Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren (azaroak 25) harira antolatutako jardunaldi honek hiru udalerriak lotuko ditu “Bizirik, aske, beldurrik gabe” lelopean. Ekimenak ez du lehiaketa-izaerarik izango, manifestazio eta aldarrikapen kutsua baizik, kirola tresna gisa erabilita indarkeria matxistaren aurkako gaitzespena agerian uzteko eta mugaren bi aldeetako emakumeen arteko harremanak sendotzeko.
Jardunaldia goizeko 09:00etan hasiko da Hendaian eta 13:00 aldera amaituko da Hondarribian, parte-hartzaileentzako amaierako mokadutxo batekin. Ibilbideak hiru zati izango ditu: lehenik, 2 kilometroko itsasoko oinezko ibilaldia egingo da Hendaiako Nautika Zentrotik; ondoren, 15 kilometroko bizikleta-bira osatuko da Hendaiako La Florida aparkalekutik Hondarribiko Benta aparkalekuraino; eta, amaitzeko, 5 kilometroko korrika-proba egingo da Bentako eremuan bertan hasi eta bukatuta. Parte-hartzea errazteko asmoz, emakume bakoitzak proba bakarrean, bitan edo hiruretan eman ahal izango du izena, bere lehentasun eta gaitasunen arabera.
Egitasmoa Txingudiko Elkarte Feministak, Emeki Elkarteak eta Hendaia Uretan taldeak bultzatu dute elkarlanean, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren finantzaketarekin. Izaera solidarioari eutsiz, izen-emateen bidez bildutako diru guztia indarkeria matxistaren prebentzioan eta biktimen arretan lanean diharduten Bagera eta Bizibidean elkarteentzat bideratuko da osorik. Parte hartu nahi duten emakumeek Kirolprobak plataformaren bidez eman dezakete izena azaroaren 15era arte.



