Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak, Irun, Hondarribia eta Hendaiako Udaletako euskara-arloekin lankidetzan, ‘Txingudiko Lore Jokoak’ jaialdiaren lehen edizioa egingo du datorren urriaren 10ean Irunen. Ekimen honek XIX. eta XX. mende hasieran Bidasoa eskualdean ospatzen ziren Lore Jokoen espiritu historikoa berreskuratu eta gaur egunera ekartzen du mugaz gaindiko ikuspegi parte-hartzaile batekin.
Nuria Alzaga Partzuergoko ordezkariak zein Estitxu Urtizberea eta Itziar Aizpuru kideek azpimarratu dutenez, helburu nagusia da euskara kalean modu naturalean erabiltzeko, kantatzeko, dantzatzeko eta hiru udalerrietako herritarren arteko loturak indartzeko gune ireki bat sortzea.
Urriaren 10eko egitarau nagusia (erabat doakoa) 12:00etan abiatuko da Sargia parketik aterako den kantu-jira dinamizatu batekin, Kale Nagusian eta San Juan plazan zehar herri-kantuekin giroa jartzeko 14:00ak arte. Arratsaldean, ekintzak Istillaga plazara igaroko dira: 18:30ean Bidasoa-Txingudiko Bertso Eskolako kideen eta Manu Goiogana zein Igauri Lopetegi bertsolarien errezitaldia egingo da, eta 20:30ean Jeiki Hadi taldearen eskutik erromeria nahiz muxikoak izango dira eguna borobiltzeko.
Jokoan sartu aurretik
Irungo Udalak ‘Txingudiko Lore Jokoak’ egitasmoaren barruan urriaren 5etik 9ra bitartean antolatutako kultur-programazioak hitzaldiak, liburu eta ikerketa aurkezpenak nahiz antzerkia bilduko ditu Palmera Monteron eta Amaia KZn. Saioak urriaren 5ean abiatuko dira Palmera Monteron, 19:00etan, Antxoka Agirreren “Lore Jokoak, bertsolaritza modernoaren Big Banga” hitzaldiarekin; leku berean jarraituko dute urriaren 6an (20:00etan) Ruben Mejutoren (Ostomila) “Txotxongiloak pizkundean” saioak, urriaren 7an (19:00etan) Garikoitz Goikoetxearen “Esnatu ala hil” liburuaren aurkezpen-hitzaldiak, eta urriaren 8an (18:00etan) Siadeco taldearen “Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2026: Proiekzio demolinguistikoa” ikerketa lanaren aurkezpenak. Programazio honi amaiera emateko, urriaren 9an, 19:00etan, Txalo Produkzioak taldearen “Trajea” antzezlana taularatuko da Amaia Kultur Zentroan.



