Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako aldarriak euripean ere entzungai

Gaur, azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Eguna dela eta hainbat ekitaldi egin dira Irunen. Eguerdiko 12:00etan Berdintasun Batzordeak deitutako elkarretaratzea egin da San Juan plazan. Bestetik, hiriko hainbat ikastetxeetako ikasleak Zabaltza plazan elkartu dira 12:30ean. Azkenik, gaur arratsaldean M8 Asanblada Feminista Bidasoak antolatutako kontzentrazioa eta performance-a egingo da San Juan plazan 19:30ean.

Euripean egin da Irungo Udaleko Berdintasun Batzordeak eguerdiko 12:00etarako deituriko elkarretaratzea, Pentsiodunen Mugimenduak astelehenero ordu berean hartu ohi duen espazioa utzi ostean.

12:30ean, berriz, elkarretaratzea Zabaltza plazan egin da. Kasu honetan, Hirubide BHI, Txingudi BHI, Eguzkitza BHI, Toki Alai BHI, El Pilar Ikastetxea, Plaiaundi eta Pio Baroja ikastetxeetako ikasleak bertan bildu dira. Ikasleak plazako kioskoaren ingurutik entzun dute kioskoan ikasle ordezkariek irakurritako manifestua. Zea Mays taldearen “Kemena” abestia entzun ostean, kioskoan zintzilikatutako pankartekin argazkia egin dute.

Arratsaldeko ekitaldia

Eguna amaitu aurretik, azken ekitaldi bat egingo da Irunen. M8 Asanblada Feminista Bidasoak deiturik, elkarretaratzea eta performancea egingo dira San Juan plazan arratsaldeko 19:30ean. Aurretik, 16:45ean Hendaiako tren geltokiaren aurrean eta 18:15eko Hondarribiko M8 plaza aurrean ekitaldi bera egingo dute.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude