Asun Casasola Ipuin Lehiaketa bueltan da. Aurtengoa gainera, lehiaketaren 10. urteurrena izango da, beraz, antolatzaileek hainbat berritasun iragarri dituzte. Ipuinak 2024ko azaroaren 25etik 2025eko otsailaren 8ra arte aurkeztu ahalko dira. Gazteen parte hartzea sustatzeko asmoz, aurten proposatutako gaia oso zabala da, indarkeria matxista.
Duela hamar urte sortu zen kontakizun lehiaketa, indarkeria matxistarik gabeko gizartea irudikatzeko helburuarekin. Eta desio berarekin jarraitzen dute, Asun Casasolaren borroka eta kemena aintzatesten jarraitzeko asmoarekin.
Alde batetik, larunbatean egingo den Beldur Barik galan parte hartuko dute, eta bertan emango dute lehiaketaren berri. Halaber, omenaldi txiki bat egingo diote Asuni, eta haren omenez egin duten dokumental bat aurkeztuko dute
10. edizioa
Bestalde, 10. edizioaren aurrean gazteen parte-hartzean jarri nahi dute arreta. Antolatzaileek aipatu dutenez, badakite adin zailak direla eta irakasleak lanean topera daudela, “baina uste dugu lehiaketa honek indarkeria matxistaren gaia ikasgeletan lantzeko aukera ematen duela eta nerabeei gogoeta egiteko eta gaitz horren aurrean dituzten jarrerak birpentsatzeko aukera ematen diela”, eta hori oso beharrezkotzat jotzen dute.
Beraz, eskola guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, baina bereziki Irun eta Hondarribikoak. Ikastetxeei eskatu diete beren curriculumean lehiaketari lekua egin diezaiotela eta indarkeria eta literatura euskaraz, gaztelaniaz, taldeka eta banaka landu ditzaten, etxeko lan gisa edo ikasgelan bertan ekarpen gisa. Nolanahi ere, gogoeta guztiak ongi etorriak dira.
Gainera, lana eta parte-hartzea errazteko, aurten kontakizunetarako proposatzen duten gaia oso zabala da: Indarkeria matxista. Jakin badakite gai konplexua dela, baina, aldi berean, horri buruz egin daitezkeen adiera guztiak ongi etorriak izango dira, eta, gainera, emakume gazteen parte-hartzea sustatu nahi dute.
Lehiaketa ezagutarazten laguntzeko, Goazen telesail ezaguneko aktoreek bideo egin dute. Itziar Gómez, telesailaren zuzendaria, lehiaketaren bidelaguna izan da beti. Epaimahaikide gisa ere aritu da lehiaketa antolatzen, eta berak lortu du aktoreen ekarpen hori. Beraz, hemendik gutxira sareetan zabalduko dute bideoa.
Lehiaketaren helburua beti izan da berdintasunean oinarritutako gizarte bat sustatzea, genero-indarkeriak lekurik izan ez dezan. Eta helburu horrekin, indarkeria matxistaren aurkako borroka ikuspegi positibo batetik islatuko duten kontakizunak bilatzen jarraituko dute edizio honetan.
Oinarrian aldaketa gutxi
Oinarriak beste urte batzuetakoak bezalakoak dira. Kontakizunak euskaraz eta gaztelaniaz aurkez daitezke. Gazteen kategoria dago, baita helduen kategoria ere. Kategoria bakoitzak sari bana izango du eta epaimahaia emakumez osaturik dago. Azaroaren 25ean zabalduko dute kontakizunak jasotzen hasteko epea, eta 2025eko otsailaren 8ra arte egongo da zabalik. Hortik aurrera hasiko da epaimahaiaren lana eta martxoaren 13an egingo dute sari-banaketa Irunen.