Asun Casasola Ipuin Labur Lehiaketako sariak martxoaren 9an banatuko dira Kabigorrin

Asun Casasola Ipuin Labur Lehiaketako antolatzaileek jakinarazi dute lehiaketaren sariak martxoaren 9an, ostegunean, banatuko direla. Aurtengo sari banaketa Peña kalean kokatutako Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan egingo da arratsaldeko 19:30ean. Bertan ezagutuko da ipuin-labur lehiaketaren VIII. Edizioko ipuin irabazleen egileak zeintzuk izan diren.

Sari banaketaren ekitaldian zehar saritutako ipuinak irakurriko dira, musikaz lagunduta. Irakurleak, Maria Jose Atienza, Ander Arzak, Mikel Gartzia eta MariaLui Garcia kazetariak izango dira. Irakurketak Maite Elizondok bere musikarekin lagunduko ditu. Joana Ochoteco eta Nerea Sarriegi berriz, aurkezle lanetan arituko dira.

Eta noski, bertan Asun Casasola ere izango da, bere jardunarekin jarraitzen duen emakumea. Asun Casasola Ipuin Labur Lehiaketa ariketa kolektibo bat da, indarkeriarik gabeko bizitzak irudikatzen lagundu nahi duena. Horrela, Asun bere lan nekaezinagatik omentzeaz gain, berdintasunaren bidea eraikitzea bilatzen du lehiaketako parte-hartzaile guztien hitzak elkartuz.

Zortzigarren edizioko datuak

Lehiaketaren zortzigarren edizioan 370 ipuin jaso dira guztira. Kontakizun gehien jaso dituen kategoria helduek gaztelaniaz idatzitako ipuin laburrena izan da, eta ondoren gazteek euskaraz idatzitako ipuin laburren kategoria. Generoari dagokionez, lehiaketan parte hartu dutenen % 60 emakumeak izan dira. Jasotako kontakizun gehienak Euskal Herritik eta Espainiar Estatutik bidali diren arren, Katalunia, Venezuela edo Kolonbia bezalako lekuen parte-hartze handia ere deigarria izan da antolatzaileentzat.

Asun Casasola ipuin lehiaketako antolatzaileek “eskerrik beroenak” eman nahi dizkiete Dunboa Ikas Komunitateari, Belaskoenea, Bizarain eta Toki Alai ikastetxeei, Orereta Ikastolari eta Arantzako gazteei lehiaketan parte hartzeagatik. Era berean, Irungo AEKren ahalegina eskertu dute, euskaltegiko ateak ireki eta egitasmoan parte hartzeagatik.

Antolatzaileek gogoratu dute lehiaketa aurrera eramateko epaileen lana ere funtsezkoa zian dela. Helduen euskarazko kategorian Yurre Ugarte Ainara Zuhazabeitia eta Aitziber Zapirain ibili dira epaile lanetan. Gazteen euskarazko kategorian aldiz, Itziar Gomez, Ainara Maia eta Ane Perez. Gaztelerazko kategorien kasuan, gazteen kategorian Noelia Lorenzo, Maite Vergara eta Naroa Gonzalez eta helduenean Marian Benitez, Mertxe Tranche eta Mari Jose Noain izan dira epaile.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude