Bigarren greba eguna Artaleku eta Azken Portu kiroldegietako langileentzat

Artaleku eta Azken Portu kiroldegietako langileek greban jarraitzen dute eta bigarren greba eguna dute gaurkoa. Aurretik akordiorik lortu ezean, asmoa igandera arte, martxoaren 5era arte, greban jarraitzea da. Gaur eguerdiko 12:00etan manifestazioan atera dira Irungo kaleetatik ELA sindikatuaren babesarekin.

Lehen greba egunak langileen eskaerak asebetetzen dituen emaitzarik eman ez ostean, gaur eguerdiko 12:00etarako manifestazioa deitu zuten atzo. Iragarritako orduan Artaleku kiroldegitik abiatu dira, izen bereko kaletik jaitsi, Gipuzkoa hiribidea jaitsi, Colón pasealekua zeharkatu eta San Juan plazaraino iristeko.

Grebaren ondorioz, ostegunetik Artaleku kiroldegiko zerbitzu guztiak itxita daude eta gaurtik aurrera gauza bera gertatuko da Azken Portu kiroldegiarekin. Beraz, larunbatean eta igandean Azken Portu eta Artaleku kiroldegiak guztiz itxita egongo dira. Gainera, igande arratsaldeko 19:30ean Artaleku Bidasoa Irun eta Barça taldeen arteko eskubaloi partidua jokatzea aurreikusita zegoen, baina, grebak aurrera jarraituz gero ezin izango da partidua jokatu.

Ander Ruiz eta Joseba Rozalejo Irungo Kiroldegietako langileen ordezkariak dira eta gaurko mobilizazioa hasi aurretik dutenez, “grebak langileen aldetik izaten ari duen jarraipena ikusita pozik gaude, %70-eko jarraipena izaten ari da eta”. Akordioa lortzeko bideaz galdetuta Ander Ruizek adierazi du, “oraindik ez dugu enpresaren deirik jaso negoziazioekin hasi ahal izateko, are gehiago, gu izan gara beraiengana jo dugunak”. Joseba Rozalejok gehitu du, “negoziazioak hasteko esperoan daudela”.

Aurrekariak eta eskariak

Kiroldegietako langileek astelehenean iragarri zuten greba. Greba hasi aurreko bileran BPXport enpresak soldatetan %0,5 igoerak eskaini zizkien 2023 eta 2024 urteetarako. Langileek aldiz, datozen bi urteetarako guztira %7 igoera eskatzen dute gutxienez negoziazioak hasi ahal izateko. Izan ere, 2019tik ez dute soldata igoerarik izan. Beraz, akordiorik lortu ezean, igandera arte greba jarraitzeko asmoa dute langileek.

Udalaren adierazpena

Irungo Udalak atzo eguerdian kiroldegietako grebarekin lotutako adierazpena zabaldu zuen Bozeramaileen Batzarrean gaia landu ostean. Adierazpenaren hasieran irakur zitekeenez, “Udalari dagokionez, Kirol arloak egoera arretaz jarraitu du eta langileen argumentuak entzun ditu, plantillako kide batzuekin bilera eginda. Adierazpenean Udalak argi utzi nahi izan du egun kiroldegiak kudeatzen dituen enpresan konfiantza dutela langileen soldata-eskubideak bermatzen dituelakoan eta energia-horniduren kostuaren igoerari aurre egiteko gaitasuna duelakoan. Era beran, Udaletik adierazi dute konponbide bat aurkitzeko lanean jarraituko dutela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude