Martxoaren 8tik 17ra izena eman ahalko da Udalak Irrisarri Land parkean antolatzen dituen udalekuetan

Irungo haur eta nerabeek Irungo Udalak GazteARTEan gazteria zerbitzuaren bidez Igantziko Irrisarri Land parkean antolatzen dituen udalekuetan parte hartzeko aukera izango dute uda honetan ere. Deialdia 2007tik 2015era bitartean jaiotakoentzat da, urte biak barne, eta astebeteko sei txanda izango dira; guztira, 300 toki. Izena emateko epea, martxoaren 8tik 17ra bitartekoa da.

Irungo Udaleko ordezkari Santi Jiménezek, Arloko lantalde teknikoarekin eta Irrisarri Land parkeko maskotarekin batera, Udalak bertan antolatzen duen udaleku eta abentura programa aurkeztu du gaur. Interesdunek Udalaren webgunean eman dezakete izena aurrez helbidean, baita autozerbitzu terminaletan ere. Fitxa bakoitzean hiru anai-arrebak, lagunek-eta izena ematea onartuko da gehienez ere, baina, betiere, txanda bererako izena eman beharko dute, eta adin talde berekoak izan.

“Irungo Udaleko Gazteria Arloak zerbitzu hau eskaintzen du berriro ere, gazteek udan aparteko ingurune batez eta Irrisarri Land parkeko lantaldeak ezin hobeto antolatzen dituen jarduera batzuez gozatzeko. Gainera, familiarteko bizitza kontziliatzeko modu bat ere badira udalekuak, eta, hortaz, parte hartzeko izena ematera animatzen dugu jendea”, nabarmendu du Santi Jiménezek.

Aurkezten diren eskaeren artean zozketa eginez erabakiko da nork parte hartuko duten udalekuetan, eta zozketarako onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda martxoaren 21ean eta 22an kontsultatu ahalko da, www.irun.org helbidean, 010 eta 943505152 telefonoetara deituta eta Udalaren autozerbitzu terminaletan. Bi egun horietan, egoki deritzeten alegazioak egin ahalko dituzte interesdunek, eta, martxoaren 27an, 10:00etan, zozketa egingo da, jendaurrean. Adin tarte bakoitzeko zozketa bat egingo da: bat 8-10 urtekoen txandetarako, beste bat 11-13 urtekoen txandetarako eta beste bat 14-16 urtekoen txandetarako. Emaitzak martxoaren 30etik aurrera kontsultatu ahalko dira, Udalaren webgunean, 010 eta 943505152 telefonoetara deituta eta Udalaren autozerbitzu terminaletan

Azkenik, apirilaren 12tik 21era bitartekoa izango da izena emateko epea. Behin prozesu osoa burututa, bilera bat egingo da udalekuetara joango direnen gurasoekin, programari buruzko informazio guztia emateko.

Hona hemen txanden zerrenda:

  • Uztailaren 3tik 9ra bitartean izango da, 8-10 urteko haurrentzat (2013., 2014. eta 2015. urteetan jaiotakoentzat)
  • Uztailaren 9tik 15era bitartean izango da, 11-13 urteko nerabeentzat (2010., 2011. eta 2012. urteetan jaiotakoentzat)
  • Uztailaren 15etik 21era bitartean izango da, 8-10 urteko haurrentzat (2013., 2014. eta 2015. urteetan jaiotakoentzat)
  • Uztailaren 21etik 27ra bitartean izango da, 11-13 urteko nerabeentzat (2010., 2011. eta 2012. urteetan jaiotakoentzat)
  • Uztailaren 27tik abuztuaren 2ra bitartean izango da, 14-16 urteko nerabeentzat (2007., 2008. eta 2009. urteetan jaiotakoentzat)
  • Abuztuaren 2tik 8ra bitartean izango da, 11-13 urteko nerabeentzat (2010., 2011. eta 2012. urteetan jaiotakoentzat)

Txanda guztiak euskaraz izango dira, eta bakoitzerako 50 toki eskainiko dira; txanda bakoitzeko bat, dibertsitate funtzionala duten edo instituzionalizatuta dauden haurrei.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude