“Jakinarazi iristen zarenean” esaldia izango da Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren VII. edizioaren abiapuntu

Parean elkarteak Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren edizio berria jarri du martxan. Ipuin lehiaketaren zazpigarren edizioan “Jakinarazi iristen zarenean” esaldian oinarritutako testuak jorratu beharko dituzte parte-hartzaileek. Orain arte egindako moduan, lanak euskaraz edo gazteleraz entregatu ahalko dira eta adinaren arabera bi kategoria bereiziko dira. Ipuinak 2022ko otsailaren 10era arte entregatu ahalko dira.

Lehiaketaren VII. edizioan, aurrekoetan bezala, lau kategoria mantenduko dira. Helduen kategoria 2005 urtera arte jaiotakoentzat izango da, hau da, 16 urtetik gorakoak. Gazteena, berriz, 10 eta 16 urte bitarteko nerabeei zuzendua egongo da, beraz, 2005 eta 2011 urteen artean jaiotakoentzat. Kategoria adinaren arabera bereizteaz gainera, ipuinen hizkuntzarengatik bereiziko dira ere. Izan ere, lanak euskaraz edo gazteleraz aurkeztu ahalko baitira bietan.

Asun Casasola Ipuin Lehiaketak jada zortzi urteetako bidea egin du eta ibilbide horretan 2.000 ipuin inguru aurkeztu dira lehiaketara. Gainera, hirugarren ediziotik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker lehiaketa gazteengana hurbiltzea posible izan da. Horrela, 10-16 urte arteko gazteentzako kategoria berezi bat sortu zen. Antolatzaileek adierazi dutenez, “lehiaketako sail hau bereziki nabarmendu nahi dugu adin tarte horretako nerabe guztiei lehiaketan parte hartzera animatzeko”. Era horretan, gazte kategorian nerabeak indarkeria matxistaren aurkako beraien hausnarketak ipuinetan islatzera gonbidatzen dituzte.

Kaleko segurtasun gabezia agerian
Ipuin lehiaketa antolatzaileek iragarri dutenez “jakinarazi iristen zarenean” gaia proposatzen dute aurkeztu berri den edizioko ipuinak girotzeko. Gai hori aukeratu da nahiz eta jakin egun emakumeek jasaten dituzten arazo gehienak etxe barruan gertatzen direla. Emakumeek oraindik, batez ere gauez, etxera itzultzerakoan senideei edo lagunei beren itzulera jakinarazteko sentitzen duten beharra salatu nahi da. Era berean, kaleak emakumeentzako espazio seguruak izan behar direla eta modu librean ibiltzeko eskubidea dutela aldarrikatu nahi da lehiaketarako aukeratutako gaiaren bitartez. Lehiaketako parte hartzaileak gogoeta egitera gonbidatzen dituzte, normala den egoera des-normalizatu eta paper gainean jartzeko.

“Gure helburua berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta genero indarkeria baztertzea izan da hasieratik”, gogoratu dute Asun Casasola Ipuin Lehiaketako antolatzaileek. Horregatik, edizio honetan ere, ikuspuntu positibo bat bilatuko da, indarkeria matxistaren aurkako borroka islatzen duena. Parte-hartzaile bakoitzak idazlan bakarra aurkeztu ahal izango du, orrialde batekoa. Gainera, ipuinak originala izan behar du, argitaratu gabea eta aurkezten den hizkuntzan idatzitakoa, ez da onartuko itzulpenik.

Asun Casasola, Nagore Laffageren ama, VII. Ipuin Lehiaketaren aurkezpenera gerturatu zen Parean elkarteko kideek lehiaketa aurrera ateratzeko egiten duten lana eskertzeko. Asun Casasolak azaldu duenez, “beste urte batez eta beharrezkoa izango den guztietan hemen izango naiz neska zoragarri hauek egiten duten lana babesteko, oso eskertuta bainago”. Nagore Laffageren amak oraindik ere indarkeria matxistaz hitz egiten jarraitzeko beharra ikusten du, indarrak batu eta berdintasunean oinarritutako gizarte bat sortu ahal izateko. Horrela, azaroaren 25aren harira, kalera atera eta borrokatzen jarraitzeko unea dela azaldu du Asun Casasolak, “gizonek bezala, emakumeok bizitzeko eskubidea baitugu”. “Izendatzen ez dena, ez da existitzen” esaldiarekin borobildu zuen Asun Casasolak bere adierazpena.

Epeak
Ipuinak bidaltzeko epea azaroaren 25ean hasi zen, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin batera. Parte hartzaile guztiek 2022ko otsailaren 10era arte izango dute ipuinak aurkezteko. Orduan, epaimahaiaren lana hasiko da. Data horietan sari banaketaren eguna iragarriko dugu.

Ipuinak asuncasasolaipuina@gmail.com posta elektronikoko helbidera bidal daitezke. Bestela, posta arrunta erabiliz BDS KOOP-en bulegora (Aixin Zolua Ibilbidea, 5, 20304 Irun, Gipuzkoa) ere bidali edo zuzenean bertan ere utzi daitezke.

Sariak
Kategoria bakoitzeko sari bat egongo da. Helduen kategoriako irabazleek, bai euskarazkoak eta baita gaztelerazkoak ere, 300 euroko sariaz gain, 50 euroko balioa duen liburu pakete bat jasoko dute, Iruñako Katakrak liburu-dendaren eskutik. Gazteen kategoriako irabazleek, bai euskarazkoak eta baita gaztelerazkoak ere, 100 euroko saria jasoko dute, eta 50 euroko balioa duen liburu pakete bat, hau ere Katakrak liburutegiak eskainita. Liburuek feminismoaren inguruko gaiak jorratuko dituzte.

Emakumezkoen epaimahaia
Aurtengo epaimahaia, berriz ere, emakumez osatuta egongo da bere osotasunean. Helduen kategorian, euskaraz, Yurre Ugartek, Ainahara Zuazabeitiak eta Aitziber Zapirainek osatuko dute epaimahaia. Kategoria berdinean, gazteleraz, Mertxe Tranche, Maria Jose Noain eta Marian Benitez arituko dira. Gazteen kategorian, euskaraz, Itziar Gomez, Ainara Maia eta Ane Perez izango ditugu, eta gazteleraz, Noelia Lorenzo, Maite Vergara eta Naroa Gonzalez.

Lehiaketaren oinarriak eta jakin beharreko informazio guztia www.asuncasasolaipuinak.eus webgunean dago eskuragarri. Bestetik, asuncasasolaipuina@gmail.com helbidean lehiaketako antolatzaileekin harremanetan jartzeko aukera egongo da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude