Txingudi Errugbi Klubak urtea merezi bezala amaitzeko bere esku dagoen guztia egingo du

Argazkiak: Biok Txingudik La Unicaren aurka jokatutako partidako irudia (Argazkiaren egilea: Mikel Fraile)

Hitzordu garrantzitsua izango dute eskualdeko errugbizaleek larunbat honetan Plaiaundin. 11:00etan Gabiria Txingudi/Baztanek Euskadiko txapelketa jokatzeko multzoan sartzea du jokoan Hernaniren aurka. Lehen fasea amaituta, taldeak bi multzotan banatuko dira, Euskadiko Txapeldun izan eta Espainiako txapelketara sailkatzeagatik lehiatuko den A multzoa, eta sailkapenean kokapena zehazteko balioko duen B multzoa. Taldea buru belarri prestatzen ari da, momentuz, denboraldiko partidarik garrantzitsuena den hau.

Eguerdian, 14:00etatik aurrera, Zaisa Txingudik hartuko du gazteen lekukoa Zornotzako Urgozoren aurka jokatzeko. Bizkaitarrak pasa den urtean Euskal lehenengo mailan aritzen ziren eta bueltatzeko bidean daude, aurten jokatutako partida guztiak irabazi dituztelarik. Hala ere, larunbateko partida bisitarientzako ere ez da erraza izango, Camareroren mutilek azken partidetan erakutsitako sasoia mantentzeko lanean aritu baitira. Goiko postuetara gerturatzeko aukera paregabea da larunbat honetakoa eta taldeak ez du alferrik galdu nahi.

Plaiaundiko egitaraua itxiko duen partida Biok Txingudirena da. Emakumezkoen taldeak ligako azken sailkatuaren bisita jasoko du, Iruña RC, hiru jardunaldi oso zail jokatu ostean. 16:00etan dute hitzordua jarraitzaileek eta irabaztea derrigorrezkoa da txapelketa jokatzeko play-offean sartzeko aukerak izaten jarraitu nahi badute. Lehen faseko azken bost partidak dituzte aurretik beltz-txuriek eta goiko multzoko sailkapena hamar puntura dute.

Bi talde Logroñon arituko dira

Zoriak Logroñora bidali ditu Txingudiren bi talde. Larunbatean Pradoviejoko zelaian klubaren 14 urte azpikoak eta 18 urte azpikoak arituko dira. Gazteenen kasuan, Gipuzkoako ligaren lehenengo jardunaldia izango dute jokoan 11:30etatik aurrera, denboraldiaurrean lan txukuna egin ondoren.

Txingudi/Bera Bera sub 18ak, aldiz, Euskadiko ligako bigarren fasean hasiko du bertan 13:00etan. Aipatzekoa da Rioja RC taldea historikoki Gipuzkoako Federazioren kide izan dela eta horregatik aritzen da Gipuzkoa zein Euskadiko txapelketetan.

Igandean, errugbi eskola Arrasaten

Asteburua modurik onenean amaitzeko, Txingudiren errugbi eskolak Arrasaten jokatuko du Gipuzkoako topaketen jardunaldi berria. Bertan, 10:30etatik aurrera, 10 urte azpiko eta 12 urte azpiko taldeetako jokalariek Arrasate/Soraluze eta Gaztediren bi talde izango dituzte aurkari.

Aritz Arrieta, Euskadi sub 16 selekzioaren deialdian beste behin

Abenduaren 18an selekzioak Selekzio Autonomikoen arteko txapelketa prestatzeko Durangon egingo duen entrenamendura deitua izan da Gabiria Txingudi/Baztanen jokalaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude