GORKA MARTINEZ
Nabarmentzeko moduko altuera duen Pirinioetako lehen tontorra da, mendebaldetik hasita. Euskal Herrian bisitari gehien jasotzen duen tontorren artean dago, Le Petit Train delakoari esker, batez ere. Saratik tontorrera igotzeko aukera ematen duen trena da. Lapurdiko lurraldearen bista ikusgarriak eskaintzen dituela ere azpimarratzekoa da.
Denbora: 4:30 (geldialdiak barne).
Distantzia: 12 km.
Desnibela: 750 m.
Zailtasuna: ertaina.
Ibilbidea Lizuniagako Bentan hasten da (220m), Beratik 10 minutura, autoz. Harrizko bide batean aurrera egingo dugu, eroso. Baserri gune batetara iritsiten garenean, egurrezko kartelaren norabidea jarraituko dugu. Maldan gora hasiko gara, ehiza postuen artean, Kondediagako leporaino (315m, 30 min.). Benta Beltza eraikina topatuko dugu, aurrez-aurre. Joanekoan haren ezker aldeko bidea hartuko dugu, eta eskuin aldekotik bueltatuko gara, ibilbide biribila osatuz.
Lurrezko bidetik egingo dugu aurrera, zuhaitzez inguratuta. Eremu zabal batera iritsiko gara ordu beteren buruan (1:30). Bertan, inguruko mendien ikuspegi ederra izango dugu. Iratzeen arteko bide bat jarraituko dugu, goialdean ikusiko ditugun arrokak erreferentzia hartuta. Eguneko tarte gogorrena izango da. Azken ahalegina izango da, tontorrera heldu aurretik (2:10). Antena famatura eta jatetxera iristeko, malda txiki bat igo beharko dugu oraindik (2:30).
Bueltarako, marka urdinak jarraituko ditugu, iratzeen artean. Ordu bete eskasean Benta Beltzan egongo gara berriro. Solte dauden harriekin kontuz ibili beharra dago. Beste ordu erdiren buruan Lizuniagako Bentara iritsiko gara.